Victoriano Iraola Aristigieta

(1841-1919)

Pasai Donibanen jaio bazen ere, bere bizitza osoa Donostian egin zuen Victoriano (edo Biktoriano, berak batzuetan idazten zuen bezala) Iraolak. Catalina Alvarez azpeitiarrarekin ezkondu eta bi alaba izan zituzten, Dolores eta Maria. Idazlan batzuetan Churi eta Sei goitizenak ere erabili izan zituen inoiz Iraolak.

Lanbidez inprentari izan zen. Legazpi kaleko bosgarrenean izan zituen etxebizitza eta lantegia. Inprimategiko tresneria mugiarazteko astoa erabiltzen zuen barrunbeheko patioan bueltaka. Rosita izeneko asto emea omen zuen. Eraman oneko gizona izan behar zuen, umoretsu eta irrizalea. Bigarren karlistaldian, zapelgorriek Mendizorrotzako gainetik botatako bi granada sartu omen zitzaizkion etxera, baina lehertu ez. Iraolak jaso, eguna gainean idatzi eta armairuan gorde omen zituen oroigarri. Langilea eta txorakeria gutxikoa omen zen, hala ere. Paseoan ibiltzerik ez zuen nahi izaten, inork alfertzat har ez zezan.

Denetatik eta asko idatzi zuen Iraolak, beti euskaraz: poemak orduko euskal aldizkari gehienetan (Euskal-Erria, Euskalzale, Ibaizabal, Revista Euskara de Navarra, Euskal-Esnalea, Esku-Egundiya...); antzerkia Bi ichubak (1884), Petra chardiñ saltzallia (1888), Onentzaro gaba (1894), Ishkiña Mutrikun (1909). Politenak agian bere ipuinak dira; Aita Zavalak Auspoa sailean bildu zituen Oroitzak eta beste ipui asko izenaz. Azalpen hauek liburu horretatik hartuak, eta Iraolaren biloba Ana Balanzategik emandakoak dira.

Gainera, marrazkilari ona zen Iraola. Liburu honetan bertan Iraolaren bi  erretratu ageri dira: Bilintxena bata, Cayetano Sanchez Irurerena bestea. Iraolak berak sortutako El Thun Thun astekarian marrazki eta komiki asko argitaratu zituen.

Gauza asko egin zituen Iraolak bere bizitzan. La Unión Artesana elkarteko sortzaileetako bat izan zen. Donostiako eguneko danborrada bere etxe aurrean gelditzen zen. Hungariako pertzagile edo kaldereroen festan euskaraz gordetzen den kantu bakarraren hitzak bereak dira («Begi urdin bat, begira dago...»); musika, noski, Raimundo Sarriegirena. Sari asko irabazi zituen orduko lore-jokoetan...

 

Ez hori bakarrik: urte luzetan udaletxeko zinegotzi izan zen. Donostia errege-erreginen udaleku zen garaietan, Iraola errepublikazale eta autonomista izan zen! Udaletxean beti borrokatu zen euskara eta euskal ohiturak gordetzen (soka-muturra, esate baterako). Alderdi Ederren orain ikusten ditugun tamarindoak ekarri eta bertan jartzen ahalegindu zen, besteak beste; Pariseko 1900eko Erakusketa Unibertsalean ezagutu omen zituen zuhaitz horiek.

Lana ugari egina utzi zuen Iraolak 1919ko irailaren 19an hil zenean Donostiako bere etxean, 78 urte beteak zituela.

 

Argazkia: Ana Balanzategi andreak utzitakoa