Tolosarra zen izatez, 1865eko irailaren 14an jaioa, baina antzerkigile gisa guztiz loturik egon zen Donostiako mende arteko antzerki belaunaldi berriari.
Bere lehen antzerki lana 1907an argitaratu zuen, Idartzako Jauna izenez, Elgoibarko Euskal Jaietan saria jaso ondoren. Bi urte beranduago, Hernaniko Euskal Jaietan eman zioten beste saria, Amets gozuak lanagatik.
Hortik aurrera, etengabe irabazi zituen sariak han eta hemen: 1911n Seguran, Enda. Irakurkizuna lanarekin; 1912an Bilbon, Euzko Gaztedik egindako lehiaketan, Txomin Arrayo lanarekin (geroztik, berriro argitaratu zen Alkate ona izenburuaz, eta Ebaristo Bustintza «Kirikiñok» bizkaieraz jarri zuen); 1915ean Donostian, Dollorra lanarekin (lan hori ez da oraino argitaratu, nahiz Toribio Altzagak taularatu zuen 1916an); 1917an Donostian berriro, Omena lanarekin...
Idazle gisa Euskal Esnalea eta Vida Vasca aldizkarietan argitaratu zituen artikuluak.
1913an sari berezia jaso zuen Donostiako Udalak sute ospetsuaren mendeurrenean egindako lehiaketan, Atsegea lanarekin. Bere antzerki lan ezagunak dira baita ere Ill nai eta ill ezin eta Antzertokiya.
Donostian hil zen 1943ko apirilaren 18an, hirurogeita hemezortzi urte zituela.
Argazkia eta iturria: Euskonews