Raimundo Sarriegi

(1840-1913)

Donostiako herri musikarien artean ezagunena izango da ziur asko Raimundo Sarriegi jauna. Puyuelo kalean jaioa (gaurko Fermin Calbetonen, alegia), musikazale porrokatua izan zen ume-umetatik. Behin eta berriz ari gara Puyuelo kale hori aipatzen. Donostiar zaharrek hiru zatitan banatua zuten: Lonjako etxetik Eskotila kalerainoko (San Jeronimo) zatiari Puyu esaten zioten; Eskotilatik Esneteira (Narrika) bitartekoari, Apaiz kalia; bertan jaio zen Sarriegi; eta Esneteitik Bretxarainoko zatiari, berriz, Diosala kalia. Jenderik gehiena azken zati horretan ibiltzen omen zen, eta elkar agurtzen aritzen omen ziren beti; horregatik izena.

Mutikoskorra zela hasi zen kantari Sarriegi, tiple Santa Marian lehendabizi, tenor San Bizenten geroago. Kantari ez zenean, hor ikusiko zuten donostiarrek bere gitarrarekin atzera-aurrera. Joxemaritarrik izan bada munduan, huraxe Sarriegik osatutako txaranga izan zen benetan joxemaritarra, hasieran Citara eta gero Los Gambaros izenekoa. Hemeretzigarren mendea amaitzen ikusi zuen Irutxulo zahar hartan, festarik ez zuen faltako Sarriegiren txarangak.

Lanbidez merkataritza bitartekari izan zen Sarriegi. Baita ere, Euskarazko Itz-Jostaldien Batzarrak Donostian urtero-urtero antolatzen zituen euskal jaietako abesbatzen arduradun izan zen.

Obra asko eta asko idatzi zituen Raimundo Sarriegik. Horien guztien artean, ezagunenak noski Donostiako martxa (Serafin Barojaren hitzak, 1862), eta San Sebastian eguneko danborradako gainerako pieza guztiak: Iriyarena (1882), Retreta (1882-84), Polka (1885), Tatiago (1882) eta Diana (1882). Baita ere, Donostiako Inauteria izenburuaz bildutako pieza multzoa. Zartzuela eta antzerki lan batzuei ere musika jarri zien Sarriegik; besteak beste, Victoriano Iraolak idatzitako Petra chardiñ saltzallia, Pasayan eta Carmen gaztain saltzallia.

Sarriegiren heriotzaren kronika zehatz-mehatz gorde da. 1913ko apirilaren 23a zen, asteazkena. Ilunabarrean, Santa Marian errosarioa entzunda, afari bitartean Antonio Telleriak Narrika kalean zuen botikara sartu zen Sarriegi, ohi bezala; botika hori lehenago Jose Irastorzak izandako berbera zen. Telleriarekin berriketan ari zela, gaizkitu eta kordea galdurik gelditu zen bat-batean Sarriegi. Mendiola udal praktikantea parean pasa eta sarrarazi zuten, ea ezer egiterik ote zeukan. Larri ikusi zuen, eta Larburu medikuari deitzea erabaki zuen berehala. Castillo sendagilea ere bertatik pasatzerakoan sartu zen botikara, baina denen artean ezin izan zuten deus egin. Jendetza trumilka bildu zen botika atarira, berri txarra jakin orduko. Botikan bertan hilotz gelditu zen Sarriegi, epaileak gorpua bertatik eramatea agindu zuen arte.

Testamentuan, besteak beste, 2.500 pezeta utzi zituen Sarriegik Erregina Victoria Asiloko haurren bandarako musika tresna berriak erosteko.

Sarriegiren omenez, 1914ko San Sebastian egunean ez zen danbor hotsik izan Donostian. Gaur, Sarriegiren irudia betiko ikus dezakegu bere izena daraman plaza berrituan, Bretxa ondoan.

 

Argazkia: Eresbil