Jesus Mari Leizaola Sanchez

(1896-1989)

Getaria kalean sortu zen, 1896ko irailaren 7an. Bete berria da, beraz, hura jaio zeneko mendeurrena.

Diru arazorik gabeko familia handi batean hirugarren senidea zen. Aita gazterik galduta, amak Lekarotzeko Kaputxinoen ikastetxera bidali zuen 1903an, eta han egin zituen ikasketak 9 urtez. Handik Valladolidera jo zuen zuzenbidea ikastera; oso ikasle ona izan zen beti: hiru urtetan bukatu zituen abokatu ikasketak. Berehala, 1915ean Gipuzkoako Foru Aldundian lanpostua lortu zuen lehian, eta 1919an berriz Bilboko Udaleko ogasun ataleko buru bihurtu zen. Ospe handia behar zuen toki administrazioko funtzionario gisa: 1925ean Crédito de la Unión Minera diruetxeak erreka jo zuenean, aginte judizialak bera izendatu zuen egoera gaizto hari irtenbidea bilatzeko. Kudeatzaile onaren ezaugarriak berriro ere1928an  erakutsi zituen, prentsa nazionalistaren arduradun izendatu zutenean. Bigarren Errepublikan birritan hautatu zuten diputatu, baina uko egin zion karguari, ordurako Gipuzkoako Foru Aldundiko idazkari lanpostua irabazia baitzuen. Oso politak dira lanpostu haren oposizioan izan ziren gorabeherak, euskaraz jakitea ezinbesteko jarria zutela eta. Gerra zibilaren etenaz amaitu zen Leizaolaren funtzionario karrera.

Leizaolaren ibilbide politikoaz asko idatzi da, eta nekez izango genuke lekurik aski orrialde betean haren berri emateko. Xehezaleak, jo beza Carmelo Landak berriki Sabino Arana Fundazioan argitaratu duen Jesus Mª Leizaola. Vida, obra y acción política de un nacionalista vasco (1896-1937) liburura (erdaraz bakarrik?). Ohar hauek gehienak handik hartuak dira.

Gazterik sentitu zen abertzale, eta 1919an afiliatu zen EAJn, Bilbora heldu bezain laster, eta Manu Robles Arangizekin batera ELAko enplegatuen saila sortu zuen. Errepublika garaian jelkide gazteen belaunaldia osatu zuen M. Irujo, J. Landaburu, T. Monzon, F. Basterretxea eta beste hainbatekin. Agian Leizaolaren belaunaldi horrek gauzatu zuen EAJren ezaugarri nagusia: Aranaren doktrina (independentzia, kristau fedea, nekazal ideologia...) eta pragmatismo politikoa (autonomia, koalizio gobernuak, Estatuko erakundeetan lan egitea, modernitatea...) proiektu politiko bakarrean uztartzea.

Fededuna izan zen oso. Familiaz zetorkion giroaz gain, Lekarotzen jasotako heziketak berebiziko txertoa utziko zion betiko. 1924an Koro Loidi Zulaikarekin ezkondu eta sei seme-alaba izan zituzten. 1967an alargundu zenean, Belokeko Beneditarretan sartzea erabaki omen zuen Leizaolak; Ajuriagerrak kendu omen zion asmoa burutik...

Politikarietan aparteko ezaugarria izan zuen Leizaolak: kultura zabalekoa izatea. Letragizona zen orobat, humanista zahar horietakoa: bere lanen bilduman ikus daiteke ekonomiaz, legeaz, hizkuntzaz, zientziaz, arrantzaz, itsasgintzaz eta abarrez idatzi eta ikertu zuela. Guztiaren gainetik, euskal lirika zaharra hobekien ezagutu eta ikertu zuenetakoa izan zen. Aspalditik zetorkion kultur militantziaren joera: 1922an Eusko Ikaskuntzaren batzarrean Alfontso XIII.aren aurrean euskal unibertsitatea eskatzeagatik atxilotua izan zen Gernikan.

1936ko Autonomi Estatutua onartu zelarik, Agirre lehendakariak Zuzentza eta Kultura sailburua izendatu zuen Leizaola. Frankistek Bilbo inguraturik zutenean, berriz, Behin Behineko Defentsa Batzordeko buru zelarik lan izugarria egin zuen errepublikarren Bilbo inguruko industria frankisten esku utzi aurretik suntsiturik laga ez zezaten. 1937an Frantziara joanda, euskal iheslariei laguntzen jardun zuen, eta 1946an Agirrek Ogasuneko sailburu izendatu zuen erbesteratuko Eusko Jaurlaritzan. 1960ko martxoaren 28an, Agirre bat-batean hil zenean, lehendakari izendatua izan zen. Ez zen Hegoaldera itzuliko, ordea, 1979ko abenduaren 15era arte. Hurrengo urtean, Garaikoetxearen esku utzi zuen lehendakari kargua, eta ekintza politiko zuzenetik apartatu egin zen pixka bat. Lehendakari zaharra izaten jarraitu zuen, ordea, 1989ko martxoaren16an hil arte.

Donostia biziki maite izan zuen. Ezaguna da 1944an erbestetik bere sorterriari eskaini zion poema: Itxasoaren / ume bezela / olerkariak / au maite, / nere odolak / jatorriz dakart / nere izate au / ur zale, / t’olatuetan / nik entzuten det / «¿nola arkitzen aiz / gu gabe?» Maitasun horren esker seinale, Zurriola aldeko kale bati Leizaolaren izena jarri berri dio Donostiako Udalak.

Luis M. Bandres adiskideak ohar hauek moldatzen laguntza ederra eman zigun.

 

Argazkia: Wikipedia