Sortzez azpeitiarra izanik, Elorza mende honen hasierako euskal kulturak izan zuen babeslerik sendoenetakoa izan zen.
Pentsamoldez karlista eta tradizionalista zen oso, baita euskaltzale eta foruzale porrokatua ere. Gazterik sartu zen politikan, eta 1911n Gipuzkoako Diputazioko kide hautatu zuten, 1926ra arte.
Eusko Ikaskuntza sortu zuenetakoa izan zen, eta 1918an Oñatin egindako biltzarrean erakunde horretako lehendakari izendatu zuten.
Gipuzkoako diputatu nagusia izan zen 1919-1924 bitartean. Eusko Ikaskuntzak 1922an Gernikan egindako biltzarrean hitzaldi sonatua egin zuen euskararen etorkizunari buruz (ikus Euskal-Esnalea, 1992, 170 or.).
Ostera hautatu zuten diputatu nagusi 1930ean. Alderdi Tradizionalistako kide izanagatik ere, foruen eta autonomi estatutuaren aldeko izan zen. Iruñean egindako euskal udalen bilkuran autonomi estatutuaren alde atera zen, bere alderdiaren iritziaren aurka.
Donostian hil zen Elorza, 1964ko otsailaren 13an, laurogeita bost urte zituela.
Iturria: EGIPV, Lit. III, 438 eta 352 or. Argazkia: Auñamendi Eusko Entziklopedia