Katalin Eleizegi Maiz

(1889-1963)

Euskal antzerki modernoaren ama izan genuen Katalin Eleizegi andrea. Donostian sortu zen 1889ko apirilaren 6an, eta irakasle ikasketak egin zituen Burgosen.

Gazte-gaztetatik izan zuen irakurtzeko eta idazteko joera. Osasun sendokoa izan ez, nonbait, eta liburu tartean ematen zuen denbora. Esan beharrik ez da, orduan orain baino gutxiago, urri zirela emakume idazleak, urriago oraindik antzerkigileak.

Bere arrakastarik handiena Garbiñe obrarekin lortu zuen 1916an. Donostiako euskal festan saria irabazi, eta txalo artean jokatu zen urte berean. Historia XIII. mendean gertatzen da, Larrain familia aberatsaren jauregian; ezinezko amodio baten historia da: Ibon eta Egurtza maitemindurik daude Liderekin; Lide bera eta Garbiñe, itsuturik Ibonekin. Korapilo horren inguruan gertatzen dira obraren hiru egintzak.

Horra Garbiñe jokatu zen eguneko kronika batek zioena: «(...) chalo asko izan zituela esan bearrik ez dago, jakiñik Gregorio Beorlegi ta Juancho Arozena'k beren ekiñ-gaitzako yayotasunakiñ apaindu zutela oso gainkiro, lagundurik biziro egoki Arrieta, Aranburu, Olaso ta Ariztegieta andereak; Echeberria, Egilegor, Lasa, Arostegi ta Torregaray galai gazteak; eta Bulbena ta Jirbal Bartzelona'kuak ¿zenbatrañoko chalo ta goramenak irabazi zituzten, iruditegia apaintzeko, egiñ ta onera bidaldi duten  apainduriyagatik? Uste det gau hartan gure antzokiyan egon baziran, biyak euskaldun egingo zirala batere kupida gabe».

Urte haietan Gazteluko (Gipuzkoa) «Gazte Alaiak» antzerki taldeak herri askotan eman zuen Garbiñe.

Beste antzerki obrarik ere idatzi zuen Eleizegik: Loretti (1918), Yatsu (1934). Argitaratu gabe gelditu zitzaion, berriz, Catalina de Erauso obra.

Hirurogeita hamalau urte zituela hil zen Nafarroako Lizarran, 1963ko azaroaren 19an.

 

Argazkia: euskara.euskadi.net