Etxekalte

Hernaniko donostiarra zela esan dezakegu. Hernanin jaio eta bertan hil zen, zahartu eta mixerikordiara bilduta. Baina bizitza oso-osorik Donostian egin zuen.

Benetako izena nola ote zuen inork ez zekien. Etxekalte, berriz, nondik zetorkion bai: gurasoak hilda baserria herentzian jaso zuten berak eta bere arrebak. Elkarrrekin konpontzen ez, nonbait, eta ezbaian gehiegi nekatu gabe, jota su eman omen zion baserriari. Horra, etxekalte!

Ikasigabe eta arlote samarra, beti ibiliko zen kale erdiko putzutan plisti-plasta, inoiz ez espaloietan. Aldameneko argazkia, zuri-beltzekoa da, damurik; bestela, hortxe ikusiko genituen Etxekalteren bi galtzerdiak: bata zuria bazen, bestea urdina edo gorria. Behin ere ez kolore berekoak.

 

Ohitura horren jatorria halaxe azaltzen omen zuen berak. Goseak zegoela, behin sagar lapurretara sartu omen zen Hernaniko sagasti batera. Tripa ondo berdinduta ihesi zihoanean, etxeko zakurra atzetik segika atera omen zitzaion, eta izterrean sekulako hozka egin. Harrez geroztik hartu omen zuen galtzerdien ohitura: kolore banatakoak izanda, zakurrak bi pertsona direla uste omen du, eta ez omen da ausartzen baten aurka, bitartean besteak eraso egingo ote dion.

Bertsolaria zen Etxekalte, baina ez nolanahikoa: neurri, oin, errima eta molde librekoa. Zazpi puntukoa edo zortzikoa izan, berdin luzatuko zuen bertsoa Etxekaltek berak nahi adina.

Berarekin gizartearen gora-beherez izandako elkarrizketa bat hala kontatzen du Eugenio Gabilondo Calei-Calek :

— Ni pozik nago nerean; baina oraintxe aberatsik aberatsena nintzake zuk bi errialekoa eman ezkero.

— Lo niok, esan zuen bere kolkorako Gabilondok. Eta munduan aberatsak bezala pobreak ere behar direla azaltzen saiatu ondoren, Etxekalteren erantzuna:

— Bai, jauna, konforme nago, bañan beti guk izan biar al degu?

Mikelete, zeladore eta udaltzain guztien etsai porrokatua izan zen Etxekalte. Zenbat bider ez ote zuten herritik kanpora eramango, sekulako mehatxuak egin eta gero! Haizea baino azkarrago, hantxe zen Etxekalte berriz sagardotegiren batean bertsotan.

Begibakarra zen Etxekalte; Billabonan behin harrikada batez galdu omen zuen begia. Hala ere, kasta gogorrekoa izan zen. Behin plumoniak jota ohean sukarrak kiskaltzen zegoela, jaiki, kalera atera eta sekulako tragoa egin omen zuen iturritik. Negu gorrian!

Nortasun agiriarekin bukatu ziren betirako Etxekalte bezalako kaletar buhame zoragarriak.

 

Argazkia: Auñamendi Eusko Entziklopedia