Toribio Altzaga Anabitarte

(1861-1941)

Donostiarra zen goitik behera Toribio Altzaga. Trinidade kaleko 30.ean jaio zen (gaurko Abuztuaren 31), 1861eko apirilaren 16an. Aita (Pedro Juan) arotza zen, eta kale berean zeukan lantegia.

Gazte-gaztetatik, haritz lana baino gehiago maite zuen Toribiok antzerkia; ernegatuta, aitak hala esaten omen zien berari eta Baleriano anaiari: — Mutill abek komerianteak aterako dira, eta hala gertatu!

Bigarren karlistaldian, Ziburura eraman zuten gerratik ihesi. Han, hegoaldeko euskaldun asko zegoen orduan, besteak beste Marcelino Soroa. Elkarte moduko bat ere bazuten, «El Trueno» izenekoa. Bertan jokatu zen lehenengo aldiz 1876an Soroaren Iriyarena antzerkia; jokatzaileen artean Toribio Altzaga bera zegoen, artean 15 urte besterik ez zituelarik. Handik aurrera, bizitza osoa euskal antzerkiari eman zion. Berriro Donostiara itzulita, Soroarekin batera antzerkiak prestatzen hasi zen, Santa Mariako Luistarren aretoan, eta abar. Berehala, 1888an argitaratu zuen bere lehen komeria: Aterako gera. Handik aurrera, etengabe argitaratu zituen antzerki lanak: Santo Tomaseko feriya, Axentxi eta Kontxexi, Bernaiño'ren larriyak, Ramuntxo (Pierre Lotiren lanaren egokipena), Bost urtian, Amantxi, Burruntzia, Ezer ez eta festa, Biotz berak, eta beste hamaika; guztira 30en bat. Hiru opera ere idatzi zituen: Txanton Piperri, Amboto eta Gli Cornamenti. Baita ere, Shakespeare-ren Macbeth euskaratu zuen 1926an, Irritza izenburuaz.

Euskal Iztundeko zuzendari, Euskarazko Itz-Jostaldien Batzarreko zuzendari eta euskaltzain izan zen.

Berrogei urte bete zituen egunean, 1901eko apirilaren 16an, Maria Pilar Fernandez Mugikarekin ezkondu zen. Bi seme eta hiru alaba izan zituzten, baina bakarra bizi izan zen gurasoak baino gehiago; horretan, asko sofritutako gizona izan zen, seme-alabak banan bana hiltzen ikusi baitzituen gizarajoak. Hemen emandako azalpen gehienak, Maria Luisa alaba gazteenak aita Antonio Zavalari esandakoak dira. (ikus Ramuntxo, Auspoa saila 6).

Antzerkia izan zuen Altzagak buru-bihotzetan hil arte. San Juan kalean bizi zelarik, seigarren solairua hutsik zeukan, antzoki moduan prestatua. Han aritzen zen bere ikasleekin jo eta su antzerki lanetan: emakumezkoak Aramendi, Olaso Aranburu, Arzelus, Areitioaurtena, Irigoien, Sustaeta; gizoenzkoak Beorlegi, Egileor, Alasa, Etxeberria, Agote, Muxika, Bengoetxea, Zubimendi... Baita ere, euskarazko eskolak ematen zituen han; bere ikasle batek, Raimundo Herrero Tornadijok, eskola horiek idatziz bildu zituen Estudio elemental de la gramática vasca liburu harrigarrian.

Donostian ezin, eta Aizarnara joaten zen Toribio Altzaga uda pasatzera. Han idatzi zituen bere lanik gehienak.

1930ean, Santo Tomas egunean, Donostiako herriak omenaldi handia egin zion Altzagari: antzerkia, bertsolariak, dantzak... denetarik izan zen; baita bazkari ederra ere. Omenaldia zela eta, egun batzuk lehenago kazetari bat joan omen zitzaion elkarrizketa egitera. Bere ikastokia orduan Garibai kalean zuen, orain Kutxa den etxe horretako teilatupean. Hotzak ezin egon, eta zamarra lodi batekin jantzita aurkitu omen zuen gizona; gero, egunkarian hala idatzi omen zuen: — Egun bateko bazkari ederra baino, hobe luke negu guztiko berogailu ona.

Lana ugari eginda joan zen mundu honetatik Toribio Altzaga. 1941ean hil zen, maiatzaren 27an. Emaztea eta alabaz gain, azken laguntzaile izan zituen Javier Villar bere iloba medikua eta Ramon Inzagarai apaiza. Oso tabakozalea izanik, azken urteetan debekatu egin zioten erretzea. Hil hurren, hain gaizki ikusita, ilobak esan omen zion: — Osaba Toribio, zigarro bat egin behar diot. Gustura erre omen zuen; azkena noski.

 

Argazkia: Donostiaeuskaraz.eus