Engrazio Aranzadi Etxeberria, «Kizkitza»

(1873-1937)

Politikaz izan zen ezaguna Engrazio Aranzadi. Donostian jaio zen 1873ko apirilaren 16an. Ikasketak, berriz, Tolosako Eskolapioetan egin zituen lehendabizi, eta gero zuzenbidea ikasi zuen Salamancan, eta filosofia Deustuko Unibertsitatean.

Politikan hasi aurretik, legelari izan zen; Gipuzkoako Foru Aldundian izan zuen bere lanpostua. Hasiera hartan, integrista zen politikan, baina Sabino Arana ezagutu orduko abertzaletasuna barne-barneraino sartu zitzaion. Ordutik aurrera, euskal nazionalismoaren bultzatzaile sutsuenetakoa izan zen. Bere lehen idatziak 1907an kaleratu ziren; euskal politika, ekonomia eta gizarteari buruzko artikuluak ziren. Bizkaitarra aldizkarian argitaratutako artikulu batengatik, Hendaiara joan behar izan zuen ihesi.

Sabino Arana hil ondoren, tirabira latzak izan ziren jeltzale eta eliz agintarien artean. Eztabaida haietan idatzi eta esandakoen ondorioz, Engrazio Aranzadi eskumikatuta egon zen denbora labur batez.

Alderdiak Bilbora deitu zuen orduan, bere lanik garrantzitsuena egitera: Euzkadi egunkariko zuzendari izatera; orduan hasi zen Kizkitza ezizena erabiltzen. 1927 arte izan zen langintza horretan.

Euskal abertzaletasuna Europako joera politiko berrietara zabaltzen saiatu zen Engrazio Aranzadi. Irlandar, txekiar, kroaziar eta abarrekin harreman ugariak izan zituen.

Bere libururik ezagunenak erdaraz idatzi zituen: La Casa Solar Vasca 1932an; Nación Vasca 1931n eta Ereintza 1935ean.

Bilbon hil zen gerra zibila piztu eta berehala, 1937ko otsailaren 12an, hirurogeita hiru urte zituela.

 

Argazkia: EGIPV, Hizt. II, 250 or.