Inazio Maria Etxaide Lizasoain

(1884-1962)

Donostian jaio zen 1884ko abenduaren 1ean, Kale Nagusiko lehen zenbakian. Gurasoak Inazio Etxaide Etxebeste ziburutarra eta Pilar Lizasoain Minondo lezotarra izan zituen. Haren bizitzaren gora-beheren berri zehatza daukagu: Yon Etxaide Itharte haren semeak liburu eder bat idatzi zuen 1971n Etxaide jauna izenburuaz. Hortik hartu ditugu, gehienbat, ohar hauek; bertan, biografiarekin batera, Inazio Maria Etxaidek egindako euskal izkribu asko ere bildu zituen.

Batxilerra etxean ikasita, industri ingeniari ikasketak egin zituen Bilbon; 1906an ikasketak bukaturik, hurrengo urtean hasi zen katastro lanetan Gipuzkoako Foru Aldundian. Orduan hasi zen, baita ere, euskaraz ikasten, berak aitortzen zuenez oso gutxi baitzekien. 1909ko martxoaren 9an Aldundiko industri ingeniari izendatu zuten, eta horren barruan probintziako telefono sistemako buru. Azken hori izango zen, hain zuzen, bere bizitzako langintzarik garrantzitsuena: Donostian eta bere inguruan berak ezarri zuen telefono automatikoa, lehen aldiz Penintsula osoan. Ericsson sistema suediarrean oinarrituta, Donostia inguruko hamabost kilometro hartzen zituen linea automatikoak, Usurbilgo Aginaga, Andoain eta Oiartzuneraino. Lan horrengatik lanaren zilarrezko domina eman zioten 1926ko abuztuaren 30ean. Euskaraz liburu zoragarria idatzi zuen gai horren inguruan 1927an: Telefonoaren sortze ta aurrerapena. Teknologia modernoaz idatzitako lehen euskal liburua dela esan daiteke.

Lehenagotik, 1915eko apirilaren 29an Maria Dolores Itharte Alberdirekin ezkondu zen Zumarragan, andrearen sorterrian alegia. Zazpi seme eta hiru alaba izan zituzten.

Pentsamoldez Inazio Maria Etxaide katolikoa, integrista eta elizaren aldekoa izan zen. Ramon Intzagari apaizarekin batera, 1910ean hasi zen Gazteria Integristako euskal erakusketak antolatzen. Geroztik, joera integrista eta katolikoko elkarte eta aldizkariak sortzen lagundu zuen: Legión Católica Española, Centro de Actuación y Propaganda Católica, Editorial Católica, La Cruz, etab. Haren semeak kontatzen duenez, makina bat aldiz agertzen omen zitzaien kexu seme-alabei, elizarako haien jaiera urria ikusirik: — Epelak sumatzen zaituztet eta epela, nolabait ere, arbuiagarriagoa zaio Jaungoikoari hotza baino. Hala ere, errepublika garaian euskal Estatutuaren aldeko botoa eman zuen, eskuindar guztiek ez bezala. Bera ez zen inoiz abertzale izan, eskuindar espainolista baizik; horren gainetik, ordea, autonomista zen. Gerran, jakina, Francoren alde eta gorrien aurka atera zen Etxaide.

Alargundurik 1947an, bere lanik maiteena utzi behar izan zuen 1949ko maiatzaren 9an, ministerioko agindu baten bitartez Gipuzkoako Telefonoaren Zuzendaritza Compañía Telefónica Nacionalak bere gain hartu zuenean. Lana gogotik egin ondoren, hala ere!

Musikazale porrokatua, euskarazko hiru zartzuelei jarri zien musika: Manuel Lekuonaren Azienda publikua eta Eun dukat, eta Jose Beñaranen San Juaneko gereziyak.

Bere ideia politiko eta erlijiosoen gain, Etxaide euskaltzale zuzen eta zorrotza izan zela esan daiteke. Juan Carlos Guerrak uzitako hutsunea betetzeko, 1942ko martxoaren 26an euskaltzain izendatu zuten; bere sarrera hitzaldia Jatorrizko euskeraren azterpenaldia izan zen. Azkue hil ondoren, berriz, Euskaltzaindiak bizi zuen egoera larrian iraunbiderik bilatu nahia edo, 1951ko azaroaren 3an euskaltzainburu izendatu zuten.

Hiru urte beranduago, 1954ko abenduaren 15ean ezkerreko hanka belaun gainetik moztu behar izan zioten enbolia baten ondorioz. Ategorrietako Aldatzain bere etxean hil zen, 1962ko azaroaren 14an, hirurogeita hemezortzi urte bete baino egun batzuk lehenago. Orobateko esaldi honetan laburtu zuen aitaren izatea Yon Etxaide semeak:

—Mehe eta zorrotza zen, gorputzez bezala izpirituz ere.

 

Argazkiak: euskara.euskadi.net