Antonio Arzac Alberdi

(1855-1904)

Donostiarra zen burutik beheraino Antonio Arzac; 1855eko uztailaren 26an jaio zen. Hogeita bost urte zituela, 1880an bere lehen euskal poema argitaratu zuen, Azken agurrak gure etsaigoari, Jose Manterolaren Cancionero Vasco obraren barruan.

Hurrengo urtean kaleratu zuen Iruñeko Revista Euskara de Navarra aldizkariak Arzac-en lanik ezagunenetakoa: Iltzen bazaigu ama Euskera, Euskaldunak illak gera izeneko artikulua.

Manterola hil ondoren, berak hartu zuen 1884an Euskal-Erria aldizkariaren zuzendaritza. Urte berean euskal festak antolatzen zituen Euskarazko Itz-Jostaldien Batzarra elkarteko idazkari izendatu zuten. Era berean, udal liburutegiko zuzendari izan zen.

Etengabe argitaratu zituen euskal olerkiak eta bestelako lanak aldizkarietan, Euskal-Errian batez ere. Lan horien artean badago bitxikeriarik ere: 1887an Errege ta bere amari, agur! izeneko poema kaleratu zuen, errege-erreginak Donostiara zetozela eta.

Bere lanari esker esan daiteke sortu zela Donostiako Orfeoia; ohorezko ordezkari izendatu zuten horregatik.

Goizetik arratsera hil zen Antonio Arzac, sortutako hiri eta etxe berean 1904ko urriaren 11n, berrogeita bederatzi urte zituela.

 

Argazkia: Diccionario enciclopédico del País Vasco II, 15 or.