Jose Gonzalo Zulaika Arregi, «Aita Donostia»

(1886-1956)

Euskal musikagilerik handienetakoa izan zen Aita Donostia, edo lan batzuetan izenpetu ohi zuen bezala, «Udalaitz».

Donostian sortu zen 1886ko urtarrilaren 10ean, eta hamar urte bete gabe zituela Lekarotzeko kaputxinoen ikastetxean sartu zen. Ikasketak bertan bukatu eta 1908ko abenduaren 19an apaiztu zen Iruñean. Berehala, nagusiek baimen berezia eman zioten musika lantzeko, eta handik aurrera ez zuen bere bizitza osoan beste lanik egingo, Lekarotzeko ikastetxean eskola apur batzuk emateaz gain: musika ikertu, sortu eta zabaldu.

Gaztetan, Baztango eta Sarako herri doinuak bildu zituen (Ikazkina mendian, Euskal Eresiak, Gure herria, Trois Chants Basques eta Seaska-Euzko-Abestiak bildumak). 1909-1915 urteetan Besalu eta Siloseko abadetxeetan egon zen musika gregoriarra ikasten, eta Parisen eta Bartzelonan musika ikasketak sakontzen. Pianorako obra asko idatzi zituen urte haietan: Preludios vascos, Ocho melodías vascas, eta abar.

Hurrengo urtean, 1916an alegia, Joaquin Larregla musikagile nafarrak Aita Donostiaren Preludios vascos, Oñazez, Aitonaren ele-zaharrak, Seaska aldean eresiz eta Bordako atalarrian obrak estreinatu zituen Madrilen; arrakasta izugarria izan zen.

1917an orkestra filarmonikoak Urruti-jaya, Irulea eta Aur-dantza ezagutarazi zituen Sociedad Nacional de Música elkartean.

Henry Ghéon poeta frantsesak bere poemei musika jartzeko eskatu zion Aita Donostiari, eta arrakasta handiz estreinatu ziren Parisen 1921, 1926 eta 1936an.

Euskal musikari buruz hitzaldi mordoska emateaz gain, euskaraz nahiz erdaraz, munduan barrena ere ibili zen biltzar eta bileretan gure musikaren berri emanez. Bildumarik handienak Música de tecla en el Pais vasco, siglo XVIII, Musica y Musicos en el Pais Vasco eta, batez ere, Euskel Eres-Sorta (Cancionero Vasco) obrak dira.

Aita Donostia euskaltzaina izan zen, San Fernandoko Artederretako Akademiako kide, Frantziako Musikologia Elkartekoa, Hispanic Society of America elkartekoa eta Instituto Español de Musicologíakoa.

Donostian hil zen 1956ko abuztuaren 30ean, hirurogeita hamar urte zituelarik.

 

Argazkia: Geni

 

Aita Donostiari

Michel Labegueriek Herria aldizkarian bertso hau eskaini zion Aita Donostiari hil ondoren:

Gogoa trixte, bihotza ilhun,

hasten da bertsolaria,

doluzko lanho batez estali

delakotz Eskual-Herria.

Lekaroztikan hegaldaturik

ethorri zauku berria,

mundu huntarik bertzerat dela

sartu Aita Donostia.