Berez izena Alice Gordon zeukan, baina ipar amerikar emakume askoren antzera, ezkondutakoan senarraren abizena hartu zuen. Bostonen (Massachusetts, USA) jaioa zen, eta bere heziketa giro erlijioso estuan jaso zuen, eliza erreformatu eta kalbinistaren eraginpean. Mary Lyon feministak 1837an sortutako Mount Holyoke ikastetxeko ikasle izan zen. Hamazortzigarren mendearen hasieratik American Board of Commisioner for Missions izeneko erakunde erlijiosoak indarrez hartua zeukan bere gain emakumeei goi mailako heziketa emateko helburua. Alice Gordonek filosofia eta letretako lizentziatura, eta piano eta kantuko titulua lortu zituen.
1871ko abenduaren 12an, William H. Gulickekin ezkondu zen, eta hurrengo astean bertan Euskal Herri aldera abiatu ziren. Gerrate karlista zen euskal lurretan ordea, eta Santanderren jartzea erabaki zuten; bertan egon ziren 1881era arte, Donostiara etortzea erabaki zuten artea alegia. Emakumeentzako ikastetxea Abenida eta Miramar kaleko kantoiko etxean jarri zuten; Donostiako Ikastetxe Ipar Amerikarra edo Nazio Arteko Institutua zeritzan. Hasieran, ikasleek libre moduan egiten zituzten azterketak; 1894an bertako lau ikaslek (Esther Alonso, Juliana Campo, Isabel Alonso eta Sara Marqués) batxiler titulua lortu zuten, baita sari berezia jaso ere latin, filosofia, literatura eta logikan. Ordurako, Donostiaz kanpoko ikasle asko zituzten, emakumeei heziketa osoa emateaz gain, garai hartako beste berrikuntza handiak baitzituzten (besteak beste, eskolaurrea).
Hurrengo urratsa unibertsitate mailako ikasketak egitea izan zen. Alice Gulicken esanetara, aipatutako Esther Alonso eta Juliana Campo Madrilgo Unibertsitatean hasi ziren filosofia ikasten; ez ziren, noski, bertara joaten: ikasketa guztiak hemen egin zituzten, Aliceren gidaritzaz. 1897an lizentziatura lortu zuten biek. Nicolas Salmeron izan omen zen epaimahai burua.
Alice Gulicken lanak izan zuen, noski, aurkakorik; behin Burgoseko egunkari batek bere eraginari leporatu zion Donostiako udaltzain bat protestantea izatea! Hala ere, pixkanaka giro monarkiko zapal hartan kosmopolitismo apur bat sartzea lortu zuen; esate baterako, 1888an Donostiako Elkarte Koralak (geroko Donostiako Orfeoiak, alegia) ezkontza protestante batean kantatu zuen...
Kubako independentzia zela eta, 1898an Espainia eta Estatu Batuak gerran sartu zirenean, Donostiako Ikastetxe Ipar Amerikarra betiko bukatu zen. Apirilaren 21ean gobernari zibilak ikastetxea babesteko agindu zuen, erasorik izan ez zezan; arriskuaren aurrean, Miarritzera aldatu zen ikastetxea, ikasle eta guzti. Handik, 1901ean Madrilera aldatu zen.
Gerra piztu zenean, Alice Gulick Estatu Batuetan zen. Bere alaba batekin batera, gerran preso hartutako soldadu espainiarrei laguntzen, eta irakasle kubatarrei irakasten jardun zuen.
Tuberkulosiaren gaitza, ordea, oso aurreratuta zeukan. Bizitza osoko lanak eta seme-alaba asko munduratuak (horietako hiru, gainera, hil egin zitzaizkion) ez zioten barkatu. Medikuen laguntza jasotzera Londonera joana zelarik bertan hil zen 1903ko irailaren 14an, berrogeita hamasei urte zituela.
Iturria eta argazkia: Emakunde aldizkaria, 1993ko iraila