Serapio Mugica kronista eta artxibo ikerlariaren semea zen. Ormaiztegin jaio zen 1882ko Gabon egunean. Hiru urte beranduago, 1885ean familia Beasainera aldatu zen, eta hurrengo urtean Gregorio Bergarako dominikoetara joan zen ikastera.
Mendea hasi berri, 1900ean batxilergoa lortu zuen Donostian; geroztik, ingeniari industrial eta mekanika ikasketak egin zituen. Handik aurrera Donostian bizi izan zen.
Hogeita bost urte gaztea zela hasi zen bere lehen hitzaldiak egiten euskaraz; berehala, Euskal-Esnalea elkarteko idazkari izendatu zuten. Idazten ere hasi zen urte haietan, RIEV aldizkarian batez ere. 1907an Lorak eta ogia izeneko ipuina saritu zioten Donostian.
Bere lanik garrantzitsuena 1911n egin zuen, Euskalerriaren Alde izeneko aldizkaria sortu zuenean. Orrialde haietatik etengabeko lana egin zuen idazle gazteak ezagutarazten. Langile nekagaitza izan zen Mujika; denetan aritzen zen batera: El Pueblo Vasco egunkarian, Argia astekarian eta Bilboko Euzkadi egunkarian idazten zuen; literatur sariketak prestatzen zituen (guztira, 1.260 bat lan eginarazi zituen!); Eusko Ikaskuntzak Oñatin 1918an egin zuen batzarreko idazkari izan zen... Ez zen geldirik egoteko gizona, ez horixe.
Aldizkarietako artikulu eta olerkiez gain, liburuak ere kaleratu zituen: Eibar'ko seme ospatsuen berri batzuek (1907); Ernaniar ospetsuak: Iturriaga, Kardaberaz, Urbieta (1910); Maitasunez erein eta Zurtasun gogoa (1910, Nazario Oleagak euskaratuak); eta bere lanik ezagunena, Pernando Amezketarra, bere ateraldi eta gertaerak (1927). Antzerkia ere idatzi zuen: Utzi bearko (1919); Neskame berria (1920); Gizon bikaña (1920). Bere lanetan goitizen asko erabili izan zuen: J.M. de Oyarbide, G. de Baiona, Jeme, Berrizale, Zarzale, J. de Zurmarregi, Bildari eta Deñoko'tar Goserio, besteak beste. Erdaraz idatzitako artikuluak Los titanes de la cultura vasca bilduman argitaratu ziren; P. Lhande, A. Campion, J.C. Guerra, Aita Donostia, J. Urkixo, T. Aranzadi, D. Agirre, C. Echegaray, eta abarrekin egindako elkarrizketak dira.
Bizitza osoan euskal kulturaren ekintzaile porrokatua izan zela esan daiteke. Berrogeita zortzi urte besterik ez zituela hil zen Gregorio Mujika Donostian, lana latz egin ondoren, 1931ko uztailaren 22an; Errenterian lurperatu zuten, familiaren hilobian.
Argazkia: EGIPV, Lit. II, 431 or.