Aurreko bi Artolatar idazleen hirukotea osatzen du Rosariok: Ramonen alaba eta Peperen arreba zen.
Donostian jaio zen 1869ko maiatzaren 7an, arratsaldeko 8etan. Gurasoak zituen: Ramon Artola Larrañaga (Tolosa 1831-08-31; Donostia 1906-08-20) eta Manuela Elizetxea Altzelai (Lezo 1827-10-23; Donostia ?). Donostian ezkonduak ziren 1858ko azaroaren 23an. Anai-arrebak izan ziren: Juan Ramon Antonio (1860-07-12), Frantzisko Gregorio (1862-04-24), Pepe (1864-01-04), Manuel (1866-05-25; 8 urte zituela hil zen) eta bera.
Koruko Amaren parrokian bataiatu zuten 1869ko maiatzaren 9an. Bataio agirian Rosario Teodora jarri zioten izena. Ez zen inoiz ezkondu.
Koldo Artolak esan zigunez, Rosariok urte luzetan Idiakez kaleko jostun lantegi batean lan egin zuen. Han ezagutu zuen Anttoni Kortajarena Otegi, Koldo Artolaren ama hain zuzen, neska gaztea zelarik lantegi hartan hasi baitzen. Begi onez ikusi omen zuen hasieeratik, behin bertso hauek idatzi baitzizkion, 1920. urtean:
Gure lantegian bada gazte bat
Anttoni zaiola deitzen
Ain liraña ta guztiz ederra
Danok degula maitatzen.
Lanik onenak arentzat dira
Ala daki lan egiten
Ori artzen dun gizasemeak
Guztiz baida ugaritzen.
Artean, Rosariok ez zekien, noski, neska gazte hura bere ilobarekin (Pepe Artolaren seme bakarrarekin, alegia) ezkonduko zela. Peperen semea Ramon Artola Gartxotenea zen.
«Nere gitartxoari» izan zen bere lehen poema, Euskal-Erria aldizkarian argitaratua 1889an. Geroztik, ia etengabe ikusi zuten argia bere poema eta bertsoek 1918. urtea bitartean. Aita Onaindiaren Mila euskal-olerki eder bilduman Rosarioren bi poema ageri dira, «Naigabea eta atsegiña» eta «Nere gitartxoari».
Ez dira, agian, oso poema landuak izango; gai errazak, eta askotan erlijio girokoak aukeratzen zituen (Ama Birjinari poema asko idatzi zizkion, maiatzeko loreen gisara).
Garai haietan, ordea, emakume idazleak ez ziren asko, oso gutxi baizik. Rosario Artolak, bere apalean, familiatik zetorkion senari eutsi zion eta idazle izaten ausartu zen.
Rosario'ri
Pepe Artolak poematxo hau eskaini zion behin bere arrebari:
Gure arrebachua
polit egokiya
nescacha jakintsua
biziro aundiya,
guztiz liraña eta
begiragarriya,
aingerua diruri
goitik etorriya.
Asko maite behar zuen Pepek arreba gazteagoa, bere alaba zaharrenari Rosario Isabel izena jarri baitzion.
Argazkia: Euskonews