Hernaniarra izan arren jaiotzez, Donostian egin zuen bere bizitzaren zatirik handiena. 1883ko urtarrilaren 27an sortu zen; gaztetatik izan zuen musikarako joera garbia, eta Donostiara etorri zen pianoa, organoa eta armonia ikastera.
Musika eta antzerki lanak, horiek izan ziren bere bi langintzak; askotan, biak batera egiten zituen, antzerki lanak musika eta guzti, alegia.
Bere lehen konposizioa 1908an eman zuen Donostian bertan, Markesaren alaba izeneko drama, eta hurrengo urtean Inglesaren euritakoa, euskal jaien barruan. 1909an bertan, Euskal-Esnalea aldizkariaren lehiaketan Iziarcho edo Ama zerutarra’ren eskarra izeneko ipuina saritu zioten.
Eusko Ikaskuntzak 1918an Oñatin egin zuen batzar ospetsuaren barruan Oleskari zarra lana eman zuen. Askotan saritu zizkioten bere lanak: Bigar arte? Ja, jai! 1919an Donostian; Gora, gora, antziñako legiak 1922an Gipuzcoarra aldizkariaren lehiaketan; eta abar. Abelino Barriolarekin batera Zori gaiztoko eguna obra eman zuen. Beste antzerki lan asko eraman zuen taula gainera: Basa-jauna, Amets urdiñak, Sorgiñeta, Ume zurtza, Asto txistularia, Urte leloak, Biotz illun, Udazken danean, Mendietan, Gurutzearen oñetan... 1928an Txisto ta txistariak izeneko hitzaldia eman zuen,
Artikulu eta kolaborazio asko argitaratu zituen Gipuzcoarra, Euskalerria eta Txistulari aldizkarietan. Hitzaldi asko eman zituen, euskaraz beti. 1968an omenaldi handia egin zioten Bilbon eta Donostian.
Olaizola Donostian hil zen 1969ko ekainaren 8an, laurogeita sei urte zituela.
Argazkia eta iturria: EGIPV, Lit. III, 488 or.