Hizkuntzen mapa kendu dute

Pena handiz baina aurreikusi bezala mapa kendu dute

2017-03-31 - Bagera

Hizkuntzen sentsibilizazio eta hausnarketa sustatzeko sortu zen EusKarriak proiektuan kaleratu zen lehen euskarria izan zen Europako Hizkuntzen Mapa. 2016ko martxoaren 10ean jarri zen instalazioa Nestor Basterretxea plazan.

Ez dago Europako Hizkuntzen Maparen eredu bakarra; hizkuntzak bata bestearengandik bereizteak eta hauen hedadura geografikoa zehazteak dituen zailtasunagatik. Mapa honetan irudikatzen dena, CIEMENek landutakoa eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak (EHU) eguneratu eta Euskal Herrira ekarritakoa da. Donostian hitz egiten diren 101 hizkuntzetatik europarrak diren hizkuntzei erreferentzia egiten die mapak. Hizkuntza horiei Donostian tokia emateko modu bat da mapa hori, errekonozitzeko modu bat.

Bagerak 2016ko hiriburutzarekin batera elkarlanean egin zuen Euskarriak proiektuan, parte hartze prozesu baten ostean, sortutako euskarria da. Hasieratik egin zen urtebeteko iraupenaren proiekzioarekin, eta hala, urte baterako baimena jaso zuen instalazioak. Denbora pasa ahala ikono bihurtu da hirian hizkuntzen mapa eta, horregatik, Bagera elkarteak mapa bere tokian mantentzeko eskaera luzatu zion Udalari. Udalak, ordea, ez zuen behar zen momentuan maparen legatua jasotzeko eskaerarik jaso eta, ondorioz, beste eskultura bat jartzeko eskaerari esleitu zion horma hori.

Mapa instalatu zenetik iritzi mordoa jaso dira Bagera elkartean. Jasotako iritzi guztiak positiboak izan dira, harrera oso ona izan du hirian mapak eta jende askorengan eragina izan duela baloratu da. Horren adibide dira jaso ditugun iritziez gain, mapa ikustera geratu den jende andana, maparekin argazkiak atera dituztenak (bertakoak eta kanpokoak) eta bestelako ekitaldi eta ikuskizunetan izan duen erreferentzialtasuna. Aipatzekoak dira Go!azen telesailekoek egin zuten flash moba eta Eusko Jaurlaritzak egindako euskararen nazioarteko eguneko spota besteak beste.

Uste dugu hirian hizkuntza aniztasunak duen garrantzia azpimarratzeko euskarri esanguratsua dela egun dagoen tokia baina beste eskultura batentzako tokia izango denez, Bagerak konpromisoa hartu du Udalarekin egin duen azken bileran maparen erreplika bat egiteko proiektua diseinatzeko eta berau onartuz gero, toki esanguratsu batean jartze aukerak aztertzeko. Udalak bere aldetik proposamen berria aztertuko duela eta elkarlanean aritzeko prestutasuna adierazi du, eta era berean, haiek egiten duten hizkuntzaren aniztasunaren lanketan horrelako eskaerak ongi etorriak direla adierazi dio elkarteari.

Beraz, pena handiz baina, aurreikusi moduan, martxoaren 31n kenduko da mapa eta murala estaliko da baina proiektu berri bat izango du elkarteak eskuartean eta horri helduko dio datozen egunetan.

Bagera elkartetik eskerrak eman nahi dizkizuegu proiektuarekiko atxikimendua eta babesa eman duzuen guztiei. Aurrera begira landuko dugun proiektua denona izan dadin lanean jarraituko dugu.