Udako solstizioa ekainaren 21ean izan arren, erlijioaren eraginez, San Joan bezperan ospatzen da ekainaren 23an. Gau berezia da, magikoa. Mito, errito eta emozio handiko jarduerak biltzen dira haren ospakizunaren inguruan. Sua da protagonista nagusia, sua baita garbitasunaren sinbolo eta bidea.
San Joan bezpera Euskal Herriko sorginen gaua zela-eta, San Joan lore-sortak egiten ziren, gaitzak uxatzeko, etxea babesteko edota urte osorako osasuna ziurtatzeko.
Ohitura zaharra berreskuratu nahian, aurten ere Bagera Elkarteak, lore-sortak egiteko lore eta landareak banatuko ditu 2024ko ekainaren 23an: Aieten, Antiguan, Egian, Parte Zaharrean eta Grosen.
Ohiturak dionez, arau horiek kontuan izanik egin behar da sorta. Berak naturaren indarra jasotzen du, eta, etxean gordez gero, sorgin eta izpiritu gaiztoengandik babesten omen gaitu. Urte osoan izan behar da etxean. Ekaitz handia balitz, etxea babestuko genuke sorta zati bat erreta. Urteko osasuna ere ziurtaturik omen dago lore-sorta etxean izanda. Hurrengo urteko San Joanetan sorta zaharra ekarri eta surtara bota behar da; berriak ordezkatu du erretakoa, eta, hala, ondorengo urtean ere etxea eta etxekoak babestuak izango dira.