Donostiako Euskaltzaleen Topaketak 2025



Harrera eta euskara

Donostian hizkuntza- eta kultura-aniztasunak hartu duen dimentsioa kontuan hartuta, “Harrera eta Euskara” izeneko parte-hartze prozesua abiarazi da, Bagera Elkartearen ekimenez eta Taupa Mugimenduaren aholkularitzarekin. Parte-hartze prozesu honek Donostian lan egiten duten eragile eta bertan bizi diren norbanakoen inplikazioa bilatu du, hiri honetan geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari diren bi gaien—harrera eta euskara—elkar-gurutzaketatik abiatuta. Bagera Elkarteak urte luzez kultur eta hizkuntza aniztasunaren inguruko proiektuak landu baditu ere, ezinbestekotzat jo da harreraren arloan diharduten eragileekin eta norbanakoekin elkarlanean aritzea, eta Donostiako euskaltzaleekin zubiak eraikitzea. Prozesuak bereziki azpimarratzen du euskararen eta harreraren arteko elkarreragina, eta horren baitan elkarren arteko harreman, saretze eta elkar-ulertzea erdigunean jartzen du.

 

Prozesuaren helburua Donostiako euskalgintzak eta euskaltzaleek harrera euren eginkizunetan txertatzea. Zehazki, harrera prozesuetan euskararen txertaketa bermatzeko, harreraren inguruan lan egiten duten eragileen eta hartzaileen baldintzak identifikatzea, bi komunitateen arteko zubiak eta indar korrelazioak eraikitzea (harrera eragileak eta euskalgintza), kultur eta hizkuntza aniztasuna aintzat hartuta, euskara kohesio eta inklusio tresna gisa sustatzea, parte-hartzea ikuspegi anitza, parekidea eta arrazakeriaren kontrakoa izatea eta etorkizuneko esperientzien aitzindari izan daitezkeen oinarriak jartzea.