2 eta 19 urte bitarteko haur eta gazteen %80tik gora euskaldunak dira. D ereduan matrikulatutako ikasle kopuruak gora egin du azken 10 urteetan, bai Haur Hezkuntzatik Batxilergora doazen mailetan, bai Lanbide Heziketan.
Erabilera berriz, 2-14 urte bitarteko haurren artean %26,90 eta 15-24 urte bitarteko gazteen artean %13koa. Datuek ezagutza eta erabileraren artean dagoen langa agerian uzten dute. Haur eta gazte askok hizkuntzarekin duten harreman bakarra eskola da eta azken boladan kezka zabaldua da, hizkuntza gaitasunean ematen ari den atzerakada.
Hutsune hauek covid-19ak eragindako itxialdian agerian geratu ziren, aurrez zeuden hutsuneak azalaraziz. Izan ere haur eta askok euskararekin zuten harremana eten egin zen, eta askorentzat arnasguneak izan zitezkeen aisialdi edo kirol jarduerak eteteak guztiz moztu du eskolaz kanpo euskararekin duten harremana.
Egoera honi erantzun bat emateko asmoz, zaintza sareen bitartez, haurrekin mintzapraktika eta etxeko lanetan laguntzeko boluntario sareak sortu ziren. Itxialdia amaitzearekin batera eskaintza hori ere lausotzen joan zen, baina beharrek bere baitan diraute.
Donostian ordea, badaude zenbait elkarte eta eragile, euskara zehar lerro modura lantzen dutenak, izan aisialdia eskaintzen bidez edo hizkuntza errefortzua eskainiz.
Hauek ikusgarri egitea garrantzitsua iruditzen zaigu. Baina horrez gain, dauden hutsuneak identifikatu eta hauek indartzeko proposamen berrien beharra proposatu nahiko genuke.
Horretarako hizkuntzarekiko kezka partekatzen duten eta haur eta gazteekin lan egiten duten eragile eta elkarteekin batera egin nahi dugu parte hartze prozesua.