«Auzia ez da izan ala ez izan … Kontua ekitea da. Egitea. Egiten duguna gara …». (Korrikako mezua, Lorea Agirre, 2015). Eta ekitea diogunean esan genezake horren barruan kokatzen dugula aktibatzea, egiteko modu berriak probatzea, bestelako esparru sektore eta eremu batzuekin lankidetzan aritzea eta harreman berriak egitea.
2016az geroztik Euskal Herriko hainbat txokotan aspaldidanik zegoen gogo bati heldu diote zenbaitek. Ekintza solteak egitetik aktibazio kolektibo antolatuan murgildu dira batzuk. Euskaraz bizitzeko nahiari erantzuteko aktibazio ekimenak jarri dira martxan. Inoren zain egon gabe iniziatiba hartu eta martxa hartu dute hainbat tokitan esperientzia anitzak piztuz. Iniziatiba horiek bidea ireki diete gainerako herri eta espazioei eta, bide horretan, ardurak partekatzea izango da etorkizunean egiteko nagusienetakoa.
Izan ere, egin diren ekimenak ez dira kanpaina moduan ulertu behar, ez dira suziriak bailiran zarata pixka bat egin ondoren airean desagertuko diren zerbait. Kontrara, lan ildo oso baten barruan ulertu behar dira, estrategia baten parte baitira. Lan ildo horren barruan halako hainbat ekimen egon daitezke; kanpaina itxura izango dute batzuk, bestelako formak hartuko dituzte beste batzuk. Helburua da urratzen hasitako lan ildoa progresiboki garatzen joatea eta diskurtso eta egiteko moduetan eduki nahiz ekintzak gehitzen joatea.
Ekimen hauek egiteko ezinbesteko baldintza izan da babes soziala izatea, horrek eskaintzen baitu, finean, zilegitasun soziala eta, hala, ohikoak diren hizkuntza ohituretatik aldendu eta aldaketa probokatzeko aukera berriak sortzen dira. Argi dago egun batetik bestera ez dela aldatuko egoera baina egiten den guztia izango da ongi etorria, egiten ez denetik egitera salto txiki asko egingo dira aste betean edo ordu batzuetan, eta hori, irabazten den eremua da.
Bagera Donostiako euskaltzaleen elkartean egindako hausnarketetan azken boladan hizkuntzaren alorrean askotan aipatzen den aktibazio horri begirada eraikitzailetik so egitea garrantzizkoa dela balioetsi dugu. Era berean, uste dugu, euskara biziberritzeko eta sustatzeko bidea egin daitekeela modu berritzaile eta gaurkotuan. Norberaren egunerokoarekin eta bizipenekin lotzen diren abentura, praktika eta esperientziekin, adibidez.
Euskalgintzak rol aktiboa hartu beharko lukeela iritzi du Bagerak eta, bide horretan, jaso nahi ditu proiektu honen bitartez, aktibotasun hori sustatu diren ekimen eta praktikak.