2026-03-16 - Bagera - Euskara Tailerra ahalduntze tailerra
Zenbait testuingurutan euskaraz eroso hitz egitea ez da beti erraza izaten. Inguruko guztiak euskaraz ondo ari direnean naturaltasunez egiten dugu, baina zer gertatzen da besteak gaztelaniaz ari direnean edo, euskaraz ulertu arren, gaztelaniara jotzen dutenean? Askotan, gure printzipioek euskaraz egitera bultzatzen gaituzte, baina, aldi berean, parekoak ez ulertzeko edo gaizki hartzeko beldurrak deserosotasuna sortzen du. Horri hizkuntza-estresa deitzen zaio.
Egoera horiei aurre egiteko tresnak eskaintzeko asmoz, ahalduntze tailerra antolatu dugu Bageran. Tailer honen helburu nagusia bakoitzak dituen hizkuntza-estres uneak identifikatzea, eragileak aztertzea eta egoera deseroso horietan lasaiago aritzeko norberak eman nahi dituen urratsak zehaztea da.
Ikastaroan zehar, parte-hartzaileen eguneroko hizkuntza-ohiturak aztertuko dira, gertatzen denari azalpen teorikoa emanez. Hainbat gai landuko dira modu praktikoan, bakoitzaren erritmoa errespetatuz: hizkuntza-estresa eta ohiturak identifikatzea, oinarri teorikoa eta asertibitatea, komunikazio-teknika praktikoak bi hizkuntzetako elkarrizketak mantentzeko, gaztelaniara igaro gabe euskaraz komunikatzeko gakoak, eta helburu nahiz urrats pertsonalak zehaztea.
Tailerra euskaraz ondo moldatzen direnentzat zein euskara ikasten ari direnentzat dago pentsatuta, hizkuntza-estresa egoera ohikoa baita bi taldeetan. Taldearen aniztasunak, gainera, saioak are emankorragoak eta aberasgarriagoak izaten lagunduko du.
Hona hemen tailerraren xehetasunak:
Egunak: Apirilak 16 eta 23, eta maiatzak 7 eta 14.
Ordua: 18:00etatik 20:00etara.
Lekua: Bagera elkartean.
Prezioa: 35€.