2025-05-07 - Bagera
Maiatzaren 15etik 25era ospatuko da 2025eko Euskaraldia, eta Donostian aurten ere indar bereziz helduko diogu ariketa sozial honi, euskararen erabilera areagotzea eta hizkuntza-ohiturak astintzea helburu.
Aurten, Euskaraldiaren edizioa mugimendu bihurtu da, eta hiri osoan zehar zabalduko den egitarau oparoa prestatu dugu, auzoekin elkarlanean. 11 egunetan, 70etik gora ekintza egingo dira Donostiako auzo guztietan: kalejirak, kantu-jirak, mural margoketak, triki-poteoak, bertso-saioak, antzerkia, jolasak, tailerrak, bisita gidatuak eta bestelako jarduera parte-hartzaileak.
Ekintza nabarmenen artean hauek daude:
Maiatzaren 15ean: Donostiako hasiera-ekitaldia Egiako Blas de Otero plazan, musika eta dantza emanaldi bereziekin.
Maiatzaren 20an: Mintzodromoa San Telmo Museoan, bi txandatan (10:00 eta 11:00), Euskaraldia eta euskararen erabilera hizpide.
Maiatzaren 24an: Donostiako Euskaltzaleen Topaketak San Telmo Museoan (10:00–13:30), “Harrera eta euskara” izenburupean.
Maiatzaren 18an eta 25ean: bisita gidatu bereziak, hurrenez hurren “Euskararen Donostia” eta “Bertsolaritza Donostian barrena”.
Egitaraua osoa kontsultatzeko aukera dago bertatik deskargatuta. Ekintza gehienak irekiak eta doakoak dira, eta zenbait kasutan izen-ematea beharrezkoa izango da.
Zatoz Euskaraldia bizitzera Donostian! Euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko garaia da.
Elkar mugituz egingo dugu!