2022-07-04 - Bagera
Atzo, Donostiako Victoria Eugenia antzokian "Kuikui" ikuskizunean egon ginen Auzoko egitasmoan parte hartzen duten familiekin batera eta euskararen alde egiten dugun lanagatik omendu gintuzten.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen proiektu berria da Kuikui, eta euskararekiko duten kezkatik abiatuta sortu dute, Joxe Mari Agirretxe Porrotx-en arabera: «Beti diogu euskaldunok izokinak garela, gurea bezalako hizkuntza txiki batek aurrera egiteko parean korronte handi bat daukalako». Txorien kantuaren bidez irudikatu dute euskara, eta, hizkuntzaz bezala, balioez ari dira, beste mundu bat irudikatzeko asmoz: «Irudikatzen dugu mundu bat non denok izango dugun toki bat: pertsonak, herriak, kulturak...». Ohi bezala, gai hori ardatz hartuta, ipuin bat, disko bat eta ikuskizun bat prestatu dituzte.
Miren Amurizak idatzi du Kuikui ipuina, eta Irrimarrako Irene Irureta eta Karmele Gorroño ilustratzaileek jantzi dute irudi koloretsuz. Txorien kantuaz mintzo da, bakoitzak bere abesteko modua baitu: zozoak kui-kuikui egiten du, tukanak kerrek-kerrek, hontzak bu bururu uru-uru. Txorien kantuak baliatuz, munduko hizkuntzez ari da Amuriza: «Hizkuntza aniztasunaren inguruko testu bat da, txorien bidez geure jarrerak islatu gura dituena, askotan imitazioz hizkuntza handien musika horri jarraitzeko joera dugu, eta geurea galduz joaten gara». Paperean argitaratzeaz gain, ipuinaren ahozko grabazioa ere egin dute, eta ikus-entzunezko gisa ere ikus daiteke.
Kuikui ikuskizuna egiten duten herrietan, euskalgintzan aritzen diren taldeei txorien habia kutxak oparituko dizkiete pailazoek. Aranzadi zientzia elkartearen Txoribox proiektuarekin bat eginez, elkarte horien eguneroko lana aitortuko dute: «Munduko txoriek habiak behar dituzten bezala, munduko hizkuntzek habiak behar dituzte. Euskal Herrian herri guztietan ari dira elkarte eta pertsonak euskararentzat habiak sortzen, euskarak izan ditzan espazioak egunerokoan txoriak bezala modu askean bizitzeko».