Donostiako kaleetan euskararen erabilera % 15,3koa da

2022-06-20 - Bagera

Donostian 2021ean eginiko Hizkuntzen erabileraren kale-neurketak erakutsi du hiriburuko kaleetan 100 lagunetatik 15 ari zela euskarazko elkarrizketetan (% 15,3). Gehiengoak gaztelaniazko elkarrizketetan parte hartu du (% 79,7), frantsesezko elkarrizketetako solaskideek % 2 eta beste hizkuntzetan ari zirenak % 3 osatu dute.

Azken hamar urteetan, egonkor dago euskararen kale-erabilera Donostian. Bilakaera hori bat dator Euskal Herriko joera orokorrarekin. 1993tik hona, gora egin du euskararen kale-erabilerak Donostian (% 9,5etik % 15,3ra); 2006an behatu zen erabilera-mailarik altuena (% 18,2).

Euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren beste hizkuntzen presentzia nabarmentzekoa da Donostian. Hiriguneek ezaugarri bereziak dituzte jatorri atzerritarreko biztanleriaren bizileku eta turismo-gune bezala.

Auzoei dagokienean, euskara gehien Igeldoko kaleetan entzuten da (% 74,9). Jarraian dator Añorga (% 42,2). Azpimarratzekoa da hirugarren postuan Parte Zaharra kokatu izana (% 19,4). Gertutik jarraitzen dio Antiguako kale-erabilerak (% 18,0). Gainerako auzoetako kaleetan % 15etik beherakoa da euskararen erabilera. Altzako kaleetan entzun da euskara gutxien (% 4,5).

Auzo gehienetan behera egin du euskararen kale-erabilerak 2016tik 2021era. Egonkor dago erabilera Altzan, Erdialdean eta Loiolako Erriberetan. Aitzitik, gora egin du euskararen kale-erabilerak Parte Zaharrean, Igeldon, Bidebietan eta Intxaurrondon.

Emakumezkoen eta gizonezkoen euskararen kale-erabilera maila berean kokatzen da Donostian. Euskal Herriko joera orokorra da emakumezkoek gizonezkoek baino zertxobait gehiago erabiltzea euskara, baina ez da hori ikusi Gipuzkoako hiriburuan.

Informazio gehiago: https://www.donostiaeuskaraz.eus/euskaraz/albisteak/donostiako-kaleetan-euskararen-erabilera--153koa-da/lang/eu