2022-06-01 - Bagera
Aurten, bi urteko etenaldiaren ondoren, San Joan gaua ospatzeko aukera izango dugunez, ohitura zaharrak mantentzeko, aurreko urteetan bezala, lore sortak banatuko ditugu auzo ezberdinetan.
Udako solstizioa ekainaren 21ean izan arren, erlijioaren eraginez, San Joan bezperan ospatzen da, ekainaren 23an. Lore-sorten banaketa, Alde Zaharrean, Antiguan, Aieten, Amara Berrin, Egian eta Grosen egingo dugu.
Egunean bertan, aurreko urteko lore sorta erre behar da eta berria etxean gorde. Hala, naturak ekar ditzakeen kalteetatik babestuta izango dugu etxea. Osasunik ere ez zaigu faltako.
San Joan bezperan jasotako hainbat landarerekin osatzen da San Joan sorta. Osatzeko honako lore eta landare hauek bildu behar dira: |
---|
Usaina duen lorea: arrosa edo mihilua (foeniculum vulgare) |
Fruitua ematen duen landarea (urteko uzta oparoa izan dadin): galburua, arto landarearen zatia, babarrun edo patata hostoa… |
Basoko landare edo zuhaitz-hostoak: garoa, lizarra… |
San Joan lorea: bitxilorea da Gipuzkoan (Leucantenum) |
Gipuzkoako herri askotan sortari erramua ere erants lekioke. |
Lore- sorta honek, naturaren indarra jasotzen du, sorgin eta izpiritu gaiztoengandik babesten gaituelarik. Etxean gorde behar dugu buruz behera eta lehortzen utzi. Ekaitz handia balitz, etxea babestuko genuke sorta zati bat erreta. Urteko osasuna ere ziurtaturik omen dago lore-sorta etxean izanda. Hurrengo urteko San Joanetan sorta zaharra ekarri eta sutara bota behar da; berriak ordezkatu du erretakoa, eta, hala, ondorengo urtean ere etxea eta etxekoak babestuak izango dira.