2022-05-20 - Bagera - Zineforum Dokumentala Urak aske
Maiatzaren 25ean, 18:30ean, Lugaritz Kultur Etxean Urak aske dokumentala ikusteko aukera izango dugu. Solasaldian, Bego Zubia Gallastegi (gidoilaria eta zuzendaria) egongo da. Bi urtegi handi hustea eta haien presak kentzea ardatz duen dokumentala da. Uraren erabilera eta kudeaketari buruz gogoeta eginarazi nahi du Elhuyar-ek ekoitzitako lan honek. Dinamizatzaile lanetan Ana Piñel (Kresala Zinekluba).
Sarrera doakoa edukiera bete arte.
Sinopsia
Urtegi batetik bi milioi metro kubiko ur hustea, desagertzeko zorian dagoen animalia txiki bat babesteko. Hori izan da Enobietako urtegia kentzeko lan egin dutenen ahalegina. Eta ametsa beteta, muturluze piriniotarrari babesleku seguru bat eman diote. Artikutzan gertatu da istorio harrigarri hori, duela mende bat Donostiak Nafarroan erositako finkan. Gaur egun, Kantauri kostaldeko baso natural onenetako bat han dago.
Normandian, aldi berean, Vezins-eko presa handia kendu dute. Hura kentzeko arrazoia izokinari Sélune ibaia zabaltzea izan da. Ibaietan utzitako hormatzarrek biodibertsitateari hesia jartzen diote eta haien eraisketek etorkizunean planeta bizigarriago bat imajinatzeko aukera ematen dute. Vezinsekoa eta Enobietakoa bezalako keinu txikien —edo handien— araberakoa izango da etorkizun hori.
Lantaldea
Gidoia eta zuzendaritza: Bego Zubia Gallastegi | Argazki zuzendaria: Juantxo Sardon Altuna | Musika: Igor Arroyo | Zuzendariondokoa: Inma Alvarez Agirre | Muntaia: Mikel Fuentes | Arte-zuzendaria: Miren Gojenola | Ekoizleak: Ana Gonzalez Jaka, Mirari Larrañaga Romo| Ekoizle exekutiboak: Garazi Andonegi Beristain, Juantxo Sardon Altuna
Antolatzaileak: Bagera Elkartea eta Donostia Kultura
Laguntzaileak: Kresala Zinekluba