2022-05-16 - Bagera
Maiatzaren 21ean, 17:30ean, Donostian milaka eta milaka euskaltzale bilduko gara euskalduntzeari bultzada berria emateko Antiguako tuneletik abiatuko den manifestazioan.
Gaztealdiak, euskararen aldeko gazteen sareak, deitu duen #EuskaraAurrera manifestazioarekin bat egin dute euskalgintzako hainbat eragilek. Bagera Elkarteak ere bat egiten du deialdiarekin eta Donostiako euskaltzaleei dei egiten die manifestazioan parte hartzeko.
Gaztealdiak, apirilean aurkeztu zuen Euskara Aurrera egitasmoa, euskararen aldeko “urrats erraldoi” bat egiteko helburuarekin.
Euskarak gaur egun duen egoerak «arduratuta» sortu dute egitasmoa. Azken urtean «euskararen aurka» hartu diren erabaki judizialak, euskarak pantailetan duen presentzia «murritza», eta euskaraz ikasteko eskubidea «behin eta berriz urratzea» nabarmendu zuten, besteak beste, aurkezpenean. Egoera aldatzeko eta euskarak aurrera egiteko, garrantzitsua da gizarte zibilaren eta instituzioen arteko elkarlana: «Herri bultzada berri bat behar du».
Euskararen egoerarekin kezkatuta gaude eta gazteok egoera kezkagarri horretan bizitzera ohitu nahi gaituzte. Azken urtean izan diren euskararen aurkako erabakiak, soziolinguistika Klusterraren datuek erakusten duten estankamendu zantzua, pantailetan presentzia murritza, euskaraz ikasteko eskubide urraketak... Baina, euskaldunok badugu egoera zailei aurre egiteko sena. Miraria delako euskara gaurdaino bizirik iritsi izana, haizeak beti kontra izan dituenean. Modu bakarrean esplikatu daiteke: euskaldunok hitz egin, idatzi eta inprimatu dugulako; aldeko kontzientzia izan delako; euskara ez dakiten euskaltzaleen bultzada izan duelako; konpromisoagatik. Munduan hizkuntza komunitate gutxiagotu gutxik lortu dute hau.
Euskara galbidera zeraman joera ustez aldaezina itzultzea lortu dugu azken hamarkadetan egindako lanari esker. Baina gaur Euskal Herria berreuskalduntzeko eta euskara normalizatzeko bideak aurrera segiko badu, mehatxu berriak eta beraz erronka berriak ditugu esku artean. Batetik, euskararen eta euskaldunon aurkako erabaki politiko eta juridikoek ez dute etenik. Bestetik, kultur globalizazioaren ozeano zabalean euskararen presentzia lausotzen ari da. Belaunaldi berriok ere euskararen aldeko olatura igotzeko ordua da. Lehenago ere adierazi izan dugu gazteok euskararen aldeko fase berri bati bidea emateko konpromisoa dugula eta hori erakusteko gaude hein batean gaur hemen.
Euskarak aurrera egin dezan, egoerari parez pare begiratu behar diogu: instituzioen eta gizarte zibilaren arteko akordio berria behar du. Herri bultzada berri bat behar du. Aurrera egin behar dugu:
Zinez badakigu asko garela, milaka garela Aturritik Ebrora eta Karrantzatik Barkoxera. Datozen asteetan gure proposamena euskaltzale, euskalgintzako eragile nahiz bestelako eragileekin partekatuko dugu. Norbanakoen atxikimenduak biltzen ere segiko dugu.
Azkenik, maiatzaren 21ean 17:30ean Donostian Antiguako tuneletik abiatuko den manifestazioan urrats erraldoia ematera gonbidatzen ditugu euskaltzale guztiak eta Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz imajinatzen duzuen herritar guztiok.
Egin genuen eta berriz egingo dugu!