Bageraren Jardunaldiak 2022

Euskara. Kultura. Komunitatea

2022-04-12 - Bagera

Bi urtean behin jardunaldiak antolatu ohi ditugu Topaketekin tartekatuz. Aurtengo jardunaldietan, Kulturak euskararen biziberritzean jokatzen duen eta joka dezakeen funtzioan jarri nahi dugu arreta. Euskararen erabilera areagotzeko beharrezkoa da testuinguruari lotutako baldintzak sortzea. Donostian zeintzuk dira baldintza horiek? Hiriaren baitan nola errepresentatzen da euskaltasuna? Donostia kulturaren erakusleiho izateaz harrotzen den hiria da, baina, nolako harremana du kultur hiri honek euskararekin? Nola bizi du kultur ekosistema horrek hizkuntzaren afera? Deserosoa al zaio? Nolako errepresentazioak sortu ditu hiritik sortutako arteak? Euskal kulturaz pentsatzeko ba al dugu nahikoa oinarririk? Ba al dago emozioak sorrarazten dituen komunitate sortzailerik?

Herri kulturaren garrantziaz hitz egingo digute Añorgako Dibertimenduko kideek. Hizkuntza gozamenarekin lotzeak zabaltzen dituen ateen inguruan, elkartu eta elkarrekin aritzeaz jardungo dira Iruñeko Labako kideak. Azpeitiko Dinamoa sormen guneko lagunak, sormena eta transmisioa ardatz, iraganari etorkizun bat eman eta etorkizunari iragana, baina hemen eta orain bizi garela aintzat hartuta, bidea egin eta komunitatea indartzeaz ariko dira.

Laburbilduz, Kulturari, euskaltzaletasunari eta komunitateari eskainiko dizkiegu Bagera Elkartearen 2022ko Jardunaldiak, maiatzaren 28an San Telmo Museoan. Beste toki batzuetan kulturgintza komunitatetik eta euskaltzaletasunetik lantzen duten esperientziak ezagutuko ditugu, etorkizuneko gure proiektuen inspiratzaile izan daitezen. Eta mahai inguruan, kultur ekosistemaren koordenada desberdinetatik hitz egingo diguten pertsonen hausnarketak ezagutuko ditugu.

Egitaraua

Maiatzak 28, 10:00-13:00, San Telmo Museoan

10:00etatik 11:00etara Euskalgintza eta kulturgintza uztartzen:

Añorgako Dibertimendua, Azpeitiko Dinamoa eta Iruñeko Laba

11:00etatik 11:15etara Barrexerkaren eskutik bakarrizketa

11:15etatik 11:45etara atsedenaldia

11:45ettik 13:00etara mahai ingurua:

Iratxe Retolaza Gutierrez (Kultur kritikaria)

Jaime Otamendi Muñagorri (Donostia Kulturako zuzendaria)

Xalba Ramirez Cruz (musikaria eta Irutxuloko Hitzako kazetaria)

Dinamizatzailea: Maite Bidarte Sota (kazetaria)