Giza Eskubideen Zinemaldia 2021

Hizkuntza erabileraren neurketa

2021-05-07 - Bagera - Euskara hizkuntza erabilera

Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, euskararen erabilera areagotzea ardatz duela, Giza Eskubideen Zinemaldiaren Hizkuntza erabileraren neurketa egin du aurtengo edizioan 11. urtez.

Garrantzitsua da oso euskararen erabilera normalizatzea eguneroko bizitzan. Era berean, gizarteari eskaintzen zaizkion aisialdirako kultur ekitaldietan euskararen presentzia areagotzea oso garrantzitsua da. Ostera ere, gogorarazi behar dugu euskara Hizkuntza ofiziala dela Euskal Autonomi Erkidegoan. Gainera, Donostiako udal ordenantzek euskarari ofizialtasun hori aitortzen diote eta Udalak antolatutako ekintza guztietan euskarak lehentasuna izan behar duela esaten dute.

Giza Eskubideen Zinemaldian antolatzen diren jardueretan euskararen erabilera idatzia zein ahozkoa areagotzea du helburu Bagera elkarteak; hau da, Giza Eskubideen Zinemaldian euskararen presentzia normalizatzea.

Metodologia: 

Asteak bere gain hartzen dituen momentu guztiak neurtzen saiatu gara: filmen aurkezpenak, euskaraz azpititulua dutenak edota bikoiztutako filmak, programazio aurrerapen txostena, filmez filmeko gida, erakusketak…

Horretarako bi behatzaile izan ditugu astean zehar Giza Eskubideen Zinemaldia behatzen.

Filmak

Aurten, asteak 17 film luze eman ditu eta horietatik, 4 euskaraz edo euskaraz azpidatziak izan dira (1 Victoria Eugenia Antzokian eta 3 Antzoki Zaharrean). Bestetik, 2 proiekzio berezi eskaini dira bata Tabakaleran (jatorrizko hizkuntza frantsesa, gaztelerazko azpidatziekin) eta bestea Trueba Zinemetan Kresala Zineklubaren eskutik (jatorrizko hizkuntza kantondarra, gaztelerazko azpidatziekin). Azkenik, 3 film proiektatu dira haur eta gazteen saioetan, 2 euskaraz izan dira (haurrena) eta 1 gazteleraz (13 urte gorakoentzat).

Film laburrei dagokienez, 11 labur eskaini dira Antzoki Zaharrean eta horietatik bat bera ere ez euskaraz.

Sailez sail honakoak izan dira aurten eskainitako filmak eta euskarazko emanaldien kopurua:

  • Film luzeak: 17 filmetatik 4 film euskaraz edo euskarara azpidatziak izan dira (“Petit Paris”, “A black Jesus”, “Bulletproof” eta “Apaiz kartzela”)
    • Bukaerako ekitaldian proiektatutako filma bertsio originalean (frantsesa, kirundi, suajil) izan da eta aurreko urteetan bezala euskarazko  azpidatziekin (“Petit Paris”).
  • Film laburrak: proiektatu diren 11 filmetatik bat bera ez da euskaraz izan.
  • Saio bereziak: Bi saio berezi izan dira: bata, Trueba Zinemetan Kresala Zineklubak antolatua (gazteleraz) eta bestea, Tabakaleran (gazteleraz).
  • Haur eta gazte saioa: 3 film proiektatu dira aurten, haurrentzako bi film euskarara bikoiztuak (6-12 urte bitartekoentzat) eta bat gazteleraz (13 urte gorakoentzat)

Filmen grafikoa ehunekotan:

 

Aurkezpenak, solasaldiak eta megafoniako mezuak

Filmen aurkezpen ia gehienak elebidunak izan dira edo euskara gehiago erabili da aurkezleen aldetik. Ondoren, hizlarien hizkuntzaren arabera izan da ondorengo azalpenen hizkuntza, hainbatetan gaztelera hutsez, euskara hutsez “Apaiz kartzela” izan da eta “100up” filmean euskara ere nagusi izan da.

Solasaldietan, ordea, gaztelerak presentzia handiagoa izan du. Batzuetan hizlariengatik, baina hainbatetan hizlariak euskaraz jakin arren, galderak gazteleraz egin zaizkie. Aita Mariren solasaldian izan zuen euskarak presentzia nabarmena.

Paneletako eta audio bidez jaso diren mezuak elebidunak izan dira euskarari lehentasuna emanez.

Antzoki Zahar eta Victoria Eugenia antzokietako megafonia mezuak elebidunak izan dira, baita ere kartel zein pantailetan zegoen informazioa, euskarari lehentasuna eman zaiolarik.

Ekitaldi bereziak

IREKIERA EKITALDIA:

Elebitan izan zen ekitaldia, hala ere, ez zen parekidea izan euskararen kaltetan, euskaraz esandakoak gaztelerara itzuli zituen aurkezleak eta alderantziz ez zuen gauza bera egin. Alkatearen hitzartzea elebitan izan zen informazio propioa eskainiz hizkuntza bakoitzean.

ITXIERA EKITALDIA:

Irekiera ekitaldiarekin alderatuz, euskara gehiago erabili zen. Alkatearen hitzartzean ere euskararen presentzia handia izan zen, % 75a euskaraz izanik. 

Jarduera gehigarriak

Giza eskubideen aldeko pedagogia baliabideen 3. Azoka

Lehen saioa behatu dugu: aurkezpena bieletan izan zen, baina ondoren euskararen erabilera oso urria izan zen, gaztelera izan zen nagusi (%90). Ondorengo solasaldia, gazteleraz izan zen, lehen galdera euskaraz egin zen, baina solaskideak gazteleraz erantzun zuen.

BegiraTú

BegiraTÚ Jokoa elebitan zegoen, hasieran hizkuntza aukeratzea eskatzen zuen eta euskara aukeratuta, dena euskaraz agertzen zen.

Erakusketak

Antolatu diren erakusketetan, bi hizkuntzen arteko oreka zaindu da. Informazio bera bi hizkuntzetan errepikatu da, alegia bi hizkuntzetan gauza bera adieraziz.

Topatu ditugun langileekin, Victoria Eugenia Antzokiko erakusketan adibidez, ahozko harremana euskara hutsean izan da.

Aurkezpen prentsaurrekoa

Zinemaldiaren aurkezpen prentsaurrekoa, apirilaren 15ean izan zen eta honakoak izan ziren parte hartzaileak: Eneko Goia alkatea, Jose Miguel Beltran zuzendaria, Ainhoa  Type (Amnesty International Euskadiko ordezkaria)  eta Jose Angel Zuazua (FiSaharako ordezkaria Donostian).

Prentsaurrekoan euskara eta gazteleraren arteko oreka izan zela esan genezake. Informazio propioa eskaini zuten zuzendari eta Amnesty Internationaleko ordezkariek. Alkateak, berriz, informazio bera bi hizkuntzetan errepikatu zuen. FISaharako ordezkariak, bestalde, dena gaztelera hutsean egin zuen.

Prentsaurrekoan banatutako materiala:

FiSahara Nazioarteko zine jaialdia: gaztelera hutsez.

Giza Eskubideen Zinemaldiaren prentsa oharra: ale bat euskaraz eta bestea gazteleraz.

18. Giza Eskubideen Zinemaldiaren liburua: hiru eletan, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez.

18. Giza eskubideen zinemaldiaren liburuxka: bieletan euskaraz eta gazteleraz.

BALORAZIO OROKORRA

Giza Eskubideen Zinemaldian, filmen aurreko aurkezpenetan, idatzizko materialean zein paisaia linguistikoan, euskarak eta gazteleraren arteko oreka dago. Aurkezleek bi hizkuntzak ondo menperatzen eta erabiltzen dituzte. Aurkezpen guztietan euskarak lehentasuna izaten du. Orokorrean ondo barneratuta dauka antolakuntzak mezu bera ez errepikatzearen ideia. Eta hizkuntzen arteko aldaketa modu naturalean egiten dute. 

Ez da berdina gertatzen, ordea, filmetan eta ondoren izandako solasaldietan.

Filmak

Film luzeei dagokionez, % 23,52 euskaraz izan da, baina bestalde, izan diren 11 film laburretatik ez da euskararen arrastorik izan. Saio berezien atalean, bi izan dira eskaini diren saioak eta biak gazteleraz izan dira.

Haur eta gazteen emanaldiei dagokionez, hiru izan dira, bi 6 eta 12 urte bitartekoentzat euskaraz izan dira, baina 13 urtetik gorakoentzat eskainitako filma gazteleraz izan da.

Beraz, film laburretan, saio berezietan eta 13 urtetik gorakoentzako atalean, euskararen presentziarik ez da izan.

Oro har, edizio batetik bestera, ez da aldaketa handirik izan eta azpidatzitako film kopurua berdina jarraitzen du izaten (luzeetan 4 filma). Grafikoan film luzeetan gorakada egin du portzentajean 2019ko edizioarekin alderatuta 3 film gutxiago egon direlako (2019an 20 film izan ziren eta aurten 17). Laburren kasuan, aurten lehen urtea da ez dena euskararen presentziarik izan. Bestetik, aurten gazteei zuzendutako filma gazteleraz izan da eta hori kezkagarria iruditzen zaigu. Gazteen artean euskararekiko motibazioa sustatzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu baita aisialdirako kultur ekitaldietan ere.

 

*Oharrak:

- 2020an ez zen jaialdirik antolatu COVIDarengatik.

- 2021ean Kultur Etxeetako Zikloa ez da antolatu (KE Zikloa).

 

Bagera Elkarteak, urtez urte aurreko edizioaren azpidatzien kopurua handitzen joatea proposatzen du eta euskarazko emanaldiak atal guztietan eskaintzea euskararen normalizazioan aurrera egin nahi bada. Hortaz gain, haur eta gazteen emanaldietan euskara bermatzea eskatzen dugu.

Aurkezpen eta solasaldiak

Oro har, esan genezake aurkezpenetan zaindu egiten dela oreka hizkuntzen artean, maiz gainera, informazio desberdina eskainiz hizkuntza bakoitzean, informazioa bi hizkuntzetan errepikatu gabe.

Solasaldietan aldiz,  gaztelera izaten da nagusi eta euskararen arrastorik ia ez dagoela esan genezake. Gonbidatu gehienek gazteleraz egiten dute eta ondorioz, ikuslegoarekin sortzen den harremana gazteleraz izaten da, nahiz eta aurrez euskara erabiltzera deia egin. Baina hizlariak euskaraz dakienean ere, zenbait kasutan galderak gazteleraz egin zaizkie. Honi aurre egiteko, solasaldietara ekartzen diren gonbidatuak elebidunak izatea garrantzitsua da baina lanketa egin behar da bi hizkuntzen arteko oreka bermatzeko bidean Bageraren ustez. 

Areto ezberdinetan lan egiten duen langileen gehiengoa euskalduna da, eta beraz, euskaraz komunika daiteke gehientsuenetan.

Aretoetako panel eta audio bidez jasotako mezuak elebidunak izan dira, euskarak lehentasuna izanik eta hizkuntzen arteko oreka zainduz. Oraingoan informazio bera euskaraz eta gazteleraz eskaintzen da.

Komunikazioa

Zinemaldiaren aurkezpen prentsaurrekoa behatu dugu soilik eta horretan euskararen erabilera zaindu egin zen, euskara ez zekien gonbidatuak soilik ez zuen bermatu. Prentsaurrekoan eskuratutako idatzizko materialari dagokionez, antolakuntzak kaleratutakoa txukun bermatuta dago euskararen erabilera, bieletan eta hiru eletan. Soilik Fisaharak banatutako idatzia zegoen gaztelera hutsean, hau ekiditeko, antolakuntzak irizpideak jarri beharko lituzke Bageraren ustez.

Web guneari dagokionez, informazio guztia euskaraz eskura daiteke.

Txostena deskargatu