Audiogidak egitasmoan ibilbide berria

2021-03-01 - Bagera

Audiogidak proiektua Donostia 2016 fundazioaren Euskarriak proiektuaren barruan sortu zuen Bagera Elkarteak: Hainbat euskarri prestatu genituen, tartean, audiogida bereziak, hiriaren historia eta izaera ezagutzera emateko.  Mapa batean 4 ibilbide sortu genituen euskararekin, memoriarekin, hizkuntza-aniztasunarekin eta euskal literaturarekin lotutakoak.

Aurten, Kutxa Fundazioaren diru-laguntza bati esker, ibilbide berria txertatu dugu: Bertsolaritza Donostian barrena. Ibilbide hau duela urte batzuk Manex Mujika bertsolari donostiarrak sortutako proposamen batetik abiatutako ibilbidea da. Ibilbidea bi eratara ezagutu daiteke: www.bagera.eus orrialdean audiogiden bitartez edota Bagera Elkartearekin harremanetan jarriz eta bisita gidatu presentziala egiteko eskaera eginez.

Ibilbidearen deskribapena:

Iraganetik orainera egindako bidaia bat dela esan dezakegu. Euskal Herri mailan kokatu daitezken pasarteak nahiz Donostiako bertsolaritzarekin zuzenki lotutako pasarteak ezagutzeko aukera eskaintzen ditu bisita gidatu honek.

Bertsolaritza eta Donostia elkartu ditugu. Parte zaharreko kaleetan barrena, Donostian bertsolaritzak izan duen papera eta hartu dituen forma ezberdinak islatzen ahalegindu gara. Izan ere, bertsolaritzak garrantzia eta presentzia nabarmena izan du hiriko hainbat txokotan. Egun ere, hala izaten jarraitzen du eta presentzia hori non eta nola ikus daitekeen ere entzungo duzu bisita gidatu honetan.

Ibilbide osoa ikusi>>