2021-02-22 - Bagera - Euskalgintzaren mapa
Euskalgintzaren mapa izenburuarekin (in)formazio saioa izango dugu martxoaren 3an, asteazkena, online.
Eduki bereko bi saio izango dira, lehena goizeko 09:00etan eta bigarrena 18:00etan.
Saio bera birritan eskaintzearen helburua hau da: mugimenduaren lantaldeetako kideei ez ezik, elkarteetako boluntarioei ere parte hartzeko aukera ematea. Hortaz, gonbidapen-mezu hau zuen elkartearen bazkide aktiboen artean zabaltzea proposatzen dizuegu ( zuzendaritzakide, egitasmo arduradun, batzordekide, langile,... )
Saioaren edukiaz.
"Euskalgintzan ari gara, nor bere esparrutik euskara sustatzeko ahaleginean, baina nor gara euskalgintzan? Euskalgintzaren mapa bat osatuko dugu saio honetan, ikuspegi nazionaletik begiratuta: gizarte eragileen antolaketa, administrazio amarauna eta elkarlanerako foroak. Nor bere esparrutik aritzea soilik ez, inportantea da elkarlanerako dinamikak etengabe elikatzea, eta, horretarako, ezinbestekoa da albokoaren berri izatea: nor den, eta zertan ari den. Horixe da saioaren helburua."
Saioaren gidariaz:
Saioa gidatzeko ardura Garikoitz Goikoetxeak izango du, Galtzaundi euskara elkarteko zuzendaritzakide eta Tolosaldeko Komunikazio Taldeko lehendakariak. Garikoitzek ondo ezagutzen du euskalgintza. 2016an argitaratu zuen “Euskara irabazteko bidean” liburua eta urtetan aritu da kazetari lanetan euskarari eta euskalgintzari lotutako gaiak lantzen, besteak beste. Era berean, lehenago aipatu izan dugun modura, Tolosaldeko euskalgintzako kide aktiboa da.
Informazio gehiago eta izen-ematea