Badator Euskaraldia!

Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan

2020-10-07 - Bagera

Euskaraldian izena emateko epea ireki da

Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan hori da Euskaraldiaren bigarren edizioaren leloa. Euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egin nahi dugulako.

Euskaraldiaren bigarren edizioan izena emateko epea zabaldu da. Aurreko edizioan moduan, ahobizi eta belarriprest rolekin parte hartuko dute azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den ariketa sozialeko parte hartzaileek. Ainara Vazquez, Bagera Donostiako euskaltzaleen ordezkariak eta Eneko Goia, Donostiako alkateak aurkeztu dute gaur Donostian Euskaraldiaren bigarren edizioa eta parte hartzeko dei zabala egin diote gizarteari.

2018an norbanakoen arteko ariketa proposatu genuen eta Donostian 18.000 ahobizi eta belarriprestek hartu zuten parte Euskaraldian. 

Eguneroko inertziak aldatzeko eta parean dugunarekin zein hizkuntzatan egin nahi dugun adosteko aukerak eskainiko dizkigu berriro ere Euskaraldiak, izan ahobizi ala belarriprest.



Bagera Elkartea Euskaraldiarekin bat

Bagerakideok  ez dugu zalantzarik ekimenarekin bat egiterako garaian, izan ere, euskalgintzak subjektu aktibo izan behar duela uste dugu euskararen erabilera areagotzeko bidean eta bide kolektibo hori euskararen aldeko mugimendua osatzen dugun norbanako bakoitzaren egunerokoarekin eta bizipenekin lotzen diren praktika eta esperientziekin osatuko da, pertsonalak kolektiboan eragin zuzena duelako. Egiten dugunak egingo gaituelako. Balio dezala Euskaraldiak amesten dugun euskaraz bizi den Donostia irudikatzeko 15 egunez eta baita hortik aurrera ere.

Bigarren edizio honetan Donostian ahalik eta Ahobizi eta Belarriprest gehien aktibatzea da gure egitekoa, guztion artean hizkuntza ohitura berriak sortzeko ingurunea eraikitzeko. Azken batean, EUSKARALDIAren helburu nagusia, 2020ko abenduaren 5etik aurrera, aurreko 15 egunetan sortutako euskarazko harremanei eustea izango da eta.

Hizkuntza-ohiturak aldatzea posible da, eta kolektiboan urratsak emanez gero, errazagoa eta atseginagoa izango da; hori erakutsi zigun 2018an burutu genuen ariketa masiboak. Beraz, animatu, izena eman eta esperimenta dezagun elkarrekin.