2020-10-06 - Bagera - Euskara Mintzapraktika Mintzalaguna bidelaguna bidelaria
Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko izen ematea zabalik da urriaren 19ra arte. Donostiako Euskara Zerbitzuak eta Bagera elkarteak lortutako akordioari esker 25 euro ordaindu behar dute soilik praktika behar duten parte hartzaileek.
Egitasmo hau euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi duten euskara ikasleei zuzenduta dago eta berebiziko garrantzia du ezagutzatik erabilerarako jauzia emateko.
Izen ematea zabalik urriaren 19ra arte
Mintzalagun egitasmoan izena emateko epea zabalik da eta urriaren 19an amaituko da, beraz, euskara praktikatu nahi dutenek eta praktika horretan lagundu nahi duten euskaldunek izena emateko aukera dute. Izena emateko bide nagusia Bagera elkartearen www.bagera.eus webgunea izango da. Horrez gain, telefonoz 943005074 telefono zenbakian eta elkartearen egoitzan (Hernani kaleko 15. zenbakian) ere egin daiteke.
Euskaraz gehiago hitz egin nahi baduzu, edo euskaraz hitz egiteko gaitasuna landu nahi baduzu, hau da zure aukera. Mintzapraktika hiruzpalau laguneko taldeetan elkartuta egiten da eta parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: euskaraz komunikatzeko gai izatea (B.1 mailatik gora) eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea.
Etxealdian, Mintzalagunak interneten bidez harremanetan jarraitu dute. Uda ondoren, bidelariak eta bidelagunak astero biltzen hasiko dira. Izan ere, asteroko hitzorduei ekingo diete berriro, elkarrekin esperientzia aberasgarriak bizitzeko gogoz. Berriz mintzapraktika egiteko bilduko dira, elkar zainduz eta erantzukizunez. Hala ere, pandemiak irauten duen bitartean online egiteko aukera ere izango da.
Bestalde, auzoz auzo elkartzeko espazio seguruak bilatzen ari gara, normalean paseatuz, taberna batean mahai baten bueltan… izaten dira saioak.
Hizketan lagun giroan aritzeko aukera eskaintzen du Mintzalagunak eta pixkanaka sumatuko duzu mintzapraktikaren efektua, izan ere, esperientziak erakutsi digu hizkuntza bat bidelagunekin batera ikasten bada, orduan indartzen dela haren erabilera.
Ikasturte honetan ere euskaraz hitz egiteko gaitasuna landu nahi dutenei laguntzeko prest bazaude, lagundu jauzi egiten! Nahikoa da astean ordu bete eskaintzea, eta ikasleek euskaren erabileran aurrera egiten lagunduko lukete animatzen den laguntzailea.
Mintzalaguna egitasmoa 1993an urte sortu zuen Bagera elkarteak, eta geroztik, Donostian, pertsona asko aritu da euskaraz berriketan asteroko hitzorduetan Donostiako kaleetan. Eta Donostian ez ezik, Euskal Herriko 120 herri eta hirietan ere zabaldu da egitasmoa, azken ikasturtean esaterako 7.000 mintzalagun aritu dira Euskal Herri osoko 22 herrietan . Horiek guztiek, une batean, jauzi egin dute: etxetik taldeko girora lehendabizi eta, taldeko konplizitatean, kaleko erabilerara gero.