2020-09-28 - Bagera - Mintzapraktika Mintzalaguna
Donostian euskara ikasten ari diren helduei, euskararen erabileran laguntzeko Mintzalaguna egitasmoan parte hartzea sustatzeko hitzarmena sinatu dute aurten ere Bagera elkarteak eta Donostiako euskaltegiek: Donostiako AEK, Hitzez euskaltegia, Hizkuntza Eskola Ofiziala, Ilazki euskaltegia, Legazpi 6 euskaltegia, Urratsa euskaltegia eta Urumea- Altza euskaltegia
Batetik, Donostiako helduen euskalduntze alfabetatzeak jende asko euskalduntzea lortu du azken urteotan. Bestalde, Bagera elkarteak euskararen erabileran eragiteko Mintzalaguna egitasmoa sortu zuen duela 27 urte. Hortaz, bien arteko elkarlana beharrezkoa da euskalduntze prozesu osoa arrakastaz bukatzen laguntzeko, hori dela eta, sortu da Donostiako erakunde horien arteko lankidetza hitzarmena.
Hitzarmenean parte hartu dutenen ustez, euskara normalizatuko bada, euskaraz ez dakien populazioaren zati handi horrek ikastea ezinbesteko pausoa da, eta ez hori bakarrik. Euskara ikasle horiek euskal komunitatean txertatu egin behar direla adierazi dute. Hau da, ez da nahikoa euskararen ikas-prozesua ziurtatzea, ikasleak bertako euskaldunon komunitatean integratu egin behar dira. Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea urriaren 1ean irekiko da.
Covid 19a dela eta protokoloa helaraziko zaio parte hartzaile orori eta Bagera Elkarteak espazio seguruak bilatzeko ahalegina egingo du, mintza saioak modu seguruan gara daitezen.