Jarrai dezagun Donostiako euskaltzaleen mugimendua ehuntzen

2020-01-15 - Bagera

Azaroaren 16an Donostiako Euskaltzaleon Topaketak ospatu genituen San Telmo Museoan. Bertan, alde batetik, udaberrian hasitako euskaltzaleon mugimenduaren inguruko diagnosia partekatu eta osatu genuen. Bestetik, aurrera begirako gogoak eta desioak elkarbanatu genituen eta topaketen itxieran ondorioetan nabarmendutako puntu batzuei jarraipena emateko beharra azaldu zen.

Hau horrela, Donostiako euskaltzaleen mugimendua ehuntzen jarraitzeko, urtarrilaren 23an, arratsaldeko 19:00etan Bagera Elkartean (Hernani kalea 12, behea) bilera deitu da.

Bilera honen helburua, hobeto saretzea euskaltzaleak informazio trukea eta elkarlanari begira, hiriko eztabaidetan eta hiriko norabide orokorrean euskaltzaleen eragina handitzea da. Bide horretan, mugimendua bere erabakiak hartzeko eta bere ikuspegi propioa lantzeko autonomia izatea bilatzen da. Mugimendu zabal eta anitz baten bilgunea izatea; auzo eta adin guztietako jendea, inplikazio maila desberdinekoa …

Beraz, Donostiako euskaltzale guztiek parte hartzea du helburua, eragileren batean antolatuta egon edo ez. Beraz, deituta daude, auzoetako euskara batzordeetako kideak, herri mugimenduetako kideak, ikasleak, irakasleak, kulturgileak, norbanakoak eta abar...