Nitik harago, baietz 11 Intxaurrondon!

2019ko azaroaren 22tik abenduaren 3ra egingo da ekimena

2019-11-18 - Bagera

Plazara Goaz, Intxaurrondoko euskara batzordeak, Bagera Donostiako euskaltzaleen elkarterekin eta Donostiako udaleko euskara zerbitzuarekin batera, NITIK HARAGO, BAIETZ 11 INTXAURRONDON!  Ekimenean dabiltza lanean buru-belarri udaberriaz geroztik.

2017an egin zuten 20 ordu eta 20 eguneko erronka eta 600 auzotarrek hartu zuten parte. Ikusi zen badagoela euskara gehiago erabiltzeko gogoa eta auzoan aldaketak emateko ilusioa. 

2018an Euskaraldiarekin beste ariketa bat egin zuten, herritarren hizkuntza ohiturak astintzeko eta hemen ere 1.355 intxaurrondotarrek parte hartu zuten Euskal Herri osoan zehar egin zen ekimenean.

2020an Euskal Herri osoan egingo den Euskaraldiaren aitzindariak izango dira

Aurten, pauso berriak emango dituzte Intxaurrondon, modu pertsonalean ez ezik, entitateetan (kolektibo, elkarte, enpresa…) ere neurriak hartuko dituzte hizkuntza praktika eta ohitura berriak bultzatzeko. Beraz, norbanakoen erabaki pertsonaletik, taldeetara ere egingo dute salto.

2020an Euskal Herri osoan egingo den Euskaraldiaren aitzindariak izango dira Intxaurrondon. Entitateetan egingo den ariketa probatuko dute, ondoren Euskal Herri osora zabaltzeko.

Beraz, 2019an,  Intxaurrondon, oinarriak jarriko dituzten entitateekin proba bat egingo dute. Eta ariketa entitateetan egiteaz gain, auzotarrak ere gonbidatu nahi dituzte, 11 egunetan zehar ahobizi eta belarriprest izatera, elkarrekin hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskararen erabilera handitzeko pausuak emateko.

Ekimenaren protagonistak, hala nahi izan duten entitateak, eta euskara gutxienez ulertzen duten, 16 urtetik gorako Intxaurrondotarrak izango dira. Horretarako, auzotarrek ez dute izena eman beharko, aurreko ekimenetako txapa berrerabiltzera gonbidatu nahi dituzte edo berria beharko balute, azaroaren 18ti 22ra Kultur etxeetan eskuratu ahal izango dute, gomendio sorta batekin batera.



Norbanakoen erabaki esparruan aritzetik, entitateetara egingo da salto

Horrenbestez, 11 egun horiek hizkuntza ohiturak alda daitezkeela sentitzeko eta erakusteko aldia izango dira. Hau da, euskarari gune, espazio eta aukerak zabaldu nahi dizkion 11 eguneko aldia. Eta egun horien helburua izango da hiztunen artean sortutako jarrerei eta ohiturei eustea.

Bi aukera izango dira parte hartzeko: ahobizi edo belarriprest gisa.

Zer den ahobizi izatea? Bada, hamaika egun horietan, euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egingo dien pertsona da ahobizi-a, baita solaskideek erdaraz erantzuten dutenean ere. Era berean, ezezagunei lehen hitza, beti, euskaraz egingo die ahobiziak eta horiek ulertzen badute, hala jarraituko dute.

Belarripresta, berriz, ekimenak irauten duen hamaika egunetan, bere gaitasun eta aukeren arabera euskaraz noiz eta norekin egin erabakiko duen pertsona da. Beti ez du euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek hari uneoro euskaraz hitz egitea eskatuko du modu esplizituan.

Herritar bakoitzak erabakiko du zein roletan parte hartu nahi duen; rolak ez daude hizkuntza gaitasunarekin zuzenean lotuta.

Norbanakoen erabaki esparruan aritzetik, entitateetara egingo da salto, Txarako kideak azaldu duenez.

Izaera anitzetako entitateek hartuko dute parte NITIK HARAGO, BAIETZ 11 INTXAURRONDON! Ekimenean, entitate publiko zein pribatuek. Honakoek eman dute izena orain arte: Biharko Gipuzkoa, Gipuzkoako Foru Aldundiako Gizarte politika departamentua, Haizalde elkarte gastronomikoa, Intxaurrondoko Gizarte Ekintzako zerbitzugunea, Intxaurrondo Hegoa Ikastetxe Publikoa, Intxaurrondo Ikastola, Intxaurrondo kultur etxea, Intxaurrondo Udal Kiroldegia, IZBE auzo elkartea, Jose Ignacio Bengoetxea Harategia, Larrotxene kultur etxea, Lauaizeta ikastetxea, Mons Udal kiroldegia eta Zulo Zahar elkartea.

Nola egingo duten? Entitatearen baitako dinamikan euskaraz mintzatzeko gai diren hiztun taldeak identifikatuta, hizkuntza-ohiturak euskararen mesedetan aldatzeko ahobizi eta belarriprest ariketa eginez.

Entitateei proposatutako ariketa egin ahal izateko, ariguneak bermatu behar izan dituzte.

Ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak dira, bertako kide guztiek euskara ulertu eta denek edo gehien-gehienek ariketa taldean egitea erabaki baitute. Entitateen funtzionamenduan dagoeneko eratuta dauden taldeak edo espazioak dira, eta hizkuntza-praktikak euskarara aldatzea edo finkatzea dute helburu. Bi motatakoak izan daitezke:

  • Barne funtzionamenduko guneak, hauek ohiko dinamika duten taldeak dira eta bertako kide guztiek euskaraz ulertzen dute.
  • Kanpo harremanetarako guneak,  berriz, herritarrekiko harreman espazioetan dauden pertsonek herritarrekin osatutako arigunea dira.  Espazio hauetan, 11 egunetan zehar, beti egongo da belarriprest edo ahobizi den kide bat, gutxienez, herritarren hizkuntza aukera bermatzeko.

Entitateko kideek ahobizi eta belarriprest moduan hartuko dute parte ariketan. Horietako batzuk ariguneetan egongo dira eta beste batzuk ez.

Entitateen baitako harremanetan euskararen erabilera handitu nahi da, horien dinamikan euskaraz mintzatzeko gai diren hiztun taldeak identifikatuta, hizkuntza-ohiturak euskararen mesedetan alda ditzaten.