Donostiako Jaialdietan ere euskaraz bizi gaitezen

2019-06-28 - Bagera

Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak urteak daramatza  euskararen normalizatze bidean lanean, eta bide horretan urrats garrantzitsuak eman ditugu. Hala ere, esparru askotan ez dugu lortu normalizazioa deitzen dugun egoera hori.

Gure arteko harremanak, beti ez dira izaten nahiko genituzkeenak ezin baititugu euskaraz gauzatu. Autobuseko txoferrari Egun On esaten diogunean beti ez dugu nahi dugun erantzuna jasotzen; kafea hartzera joaten garenean ere gauzak ez dira nahi bezala izaten; lanean ari garenean, aisialdian, erosketak egiten ditugunean, administrazioarekin harremanetan jartzen garenean, hirian zehar paisaiari erreparatzen diogunean eta abar antzeko zerbait gertatzen zaigu, maiz.

Bestalde,  euskarak dagokion lekua, presentzia eta indarra lor dezan, hiritarroi eskaintzen zaizkion aisialdirako kultur ekitaldietan euskararen presentzia areagotzea oso garrantzitsua da.  Jaialdi hauek euskararen egoeraren adierazleak izateaz gain, eragile ere badirela  uste baitugu.

Horregatik, Bagera Elkarteak,  hizkuntza tratamendua aztertu ohi du euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko bidezkoa iruditzen baitzaigu, uneoro euskararen erabilera eta egoera ezagutzea. Hala nola,  dFerian, Giza Eskubideen Zinemaldian, Aste Nagusian, Jazzaldian, Beldurrezko eta fantasiazko Zinema Astean zein Zinemaldian ere.

Honi gehitu behar diogu, azkeneko urteetan, Donostiara jende ugari etortzen ari dela gure hira bisitatzera. Hori dela eta, egitarauaren aniztasuna beharrezkoa ikusten dugun bezala, argi ikusten dugu euskarari merezi duen tokia eman behar zaiola, hots, gutxienez gazteleraren pareko presentzia izan behar duela eta hizkuntza gutxitua den heinean lehentasunezko trataera behar du. Antolatzaileek, egitarauan euskarari ematen dioten lekuak eragina izango baitu euskararen presentzian, eta ondorioz, erabileran ere bai.

Ostera ere, gogorarazi behar dugu euskara hizkuntza ofiziala dela Euskal Autonomi Erkidegoan eta, halaber, Donostiako udal ordenantzek euskarari ofizialtasun hau aitortzeaz gain, Udalak antolatutako ekintza guztietan lehentasuna izan behar duela jasotzen dutela.

Horretaz gain, Udalaren ardura da urraketen zuzentzea eta arauak betearaztea, baina hutsuneak nabariak dira kasu askotan.

Horregatik azpimarratu eta garrantzia eman nahi diogu herritarrek urraketa horien aurrean egin dezaketen ekarpenari; urraketa horien berri eman eta salaketak jarriz.

Beraz, Donostiako herritarrei deialdia luzatu nahi diegu, udaran zehar antolatuko diren jaialdietan ere gure hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen, eta urraketa horiei aurre egiteko, udal erregistroan kexa erregistratu dezatela edo Bagera Elkartearekin harremanetan jartzea.