Hizkuntzen mapa ez kentzeko eskatu du Bagerak

Mapa leku ikusgarri batean egotea nahi dugu

2017-03-02 - Bagera

Hizkuntzen sentsibilizazio eta hausnarketa sustatzeko sortu zen Euskarriak proiektuan kaleratu zen lehen euskarria Europako Hizkuntzen Mapa izan zen, 2016ko martxoaren 10ean jarri zen instalazioa Nestor Basterretxea plazan. Bost metro zabal eta lau metro altu dituen egurrezko mapa honek, Europan dauden 91 jatorrizko hizkuntza irudikatzen ditu. Egiatik, hiri erdialderantz pasabidea hartzera doazen herritarrek begien bistan izan dute urte osoan zehar Europako Hizkuntzen aniztasuna.

Ez dago Europako Hizkuntzen Maparen eredu bakarra; hizkuntzak bata bestearengandik bereizteak eta hauen hedadura geografikoa zehazteak dituen zailtasunagatik. Mapa honetan irudikatzen dena, CIEMENek landutakoa eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak (EHU) eguneratu eta Euskal Herrira ekarritakoa da.

Donostian hitz egiten diren 101 hizkuntzetatik europarrak diren hizkuntzei erreferentzia egiten die mapak. Hizkuntza horiei Donostian tokia emateko modu bat da mapa hori, errekonozitzeko modu bat.

Mapa instalatu zenetik iritzi mordoa jaso dugu Bagera elkartean. Jasotako iritzi guztiak positiboak izan dira, harrera oso ona izan du hirian mapak eta jende askorengan eragina izan duela baloratu dugu. Horren adibide dira jaso ditugun iritziez gain, maparen aurrean ikustera geratu den jende andana, maparekin argazkiak atera dituztenak (bertakoak eta kanpokoak) eta bestelako ekitaldi eta ikuskizunetan izan duen erreferentzialtasuna. Aipatzekoak dira Go!azen telesailekoek egin zuten flash moba eta Eusko Jaurlaritzak egindako euskararen nazioarteko eguneko spota besteak beste.

Kokagunea erabat estrategikoa dela baloratu da proiektuan. Izan ere, tren geltokia, autobus geltokia eta Tabakalera ditu inguruan. Zirkulazio handia duen gunea da eta jende askorengana iristen da mezua.

Uste dugu hirian hizkuntza aniztasunak duen garrantzia azpimarratzeko toki esanguratsua dela eta, beraz, apustua ere bai. Hiriak garrantzia ematen diola hizkuntzen arteko elkarbizitzari, alegia.

Horregatik Donostiako Udalari egin diogu eskaera ikono bihurtu den eta hizkuntzen elkarbizitza eta aniztasuna ardatz dituen mapa eta ondoan duen mural hori dauden tokian mantendu ditzan.

Jakin badakigu, mapa Tabakalera ondoko horman jarri genuenean urtebeteko baimena genuela DSS2016 Kultur Hiriburutzaren baitan sortu genuelako. Baina asmoa Udalak mapa bere gain hartzea izan da eta horrela saiatu gara Fundazioarekin batera.

Horretaz gain, Udalari eskatzen dioguna, mapa eginda dagoen materiala egurra denez, Donostian egiten duen klimagatik konponketak beharko dituenez, zaharberritze kostua bere gain hartzea da (2600 euro inguru).

Mapa leku ikusgarri batean egotea nahi dugu.