Hizkuntza erabilera Donostian

Hizkuntza erabilera Donostiako jaialdietan eta espazio publikoetan

2016-07-06 - Bagera

Dakizuen bezala, Bagera Elkarteak, Donostiako Udalak antolatzen dituen zenbait jaialdien hizkuntza erabileraren neurketa egiten du. Neurketa hauen helburua euskararen erabilera areagotzea da.  Jaialdiak hauek euskararen egoeraren adierazleak izateaz gain, eragile ere badirela  uste baitugu. Antolatzaileek, egitarauan euskarari ematen dioten lekuak eragina izango baitu euskararen presentzian, eta ondorioz, erabileran ere bai.

Garrantzitsua da oso euskararen erabilera normalizatzea eguneroko bizitzan. Eta, era berean, gizarteari eskaintzen zaizkion aisialdirako kultur ekitaldietan euskararen presentzia areagotzea. Euskara hizkuntza ofiziala da Donostian eta merezi duen tokia eman behar zaio, jai giroan zein eskaintzen diren aisialdi ekintza guztietan ere presentzia izango duela ziurtatuz.

Neurketa hauek ahalik eta osatuenak egin ahal izateko, zuen laguntza behar-beharrezkoa zaigu. Udan bi jaialdi behatzen ditugu; Jazzaldia (uztailaren 20tik 25era) eta Aste Nagusia (abuztuaren 13tik 20era). Nola lagundu dezaket?

Egin beharrekoa oso sinplea da, aukeratzen duzun ekitaldira joan eta neurketarako prestatu dugun fitxa bete eta ondoren guri helarazi. Aldez aurretik, Bagera Elkartera deitzea (943005074) edo bagera@bagera.eus helbidera idaztea eskertuko genizuke. Ondoren, zurekin harremanetan jarriko gara zein kontzertu / ikuskizun / tailer / kirol ekintza … behatuko duzun zehazteko.

Bestetik, Jaialdiez gain, espazio publikoan egiten diren  hizkuntza-eskubideen urraketen bilketa jaso nahi dugu. Jendartea aktibatu eta urraketa horien berri ematea da gure nahia aldaketak eman daitezen.