2016-06-08 - Bagera
Azken asteetan herritar ekimen berri bat sortu da; Gipuzkoa Zutik! ekimena hain zuzen. Ekimen honen helburua Zubietako Erraustegia ikur hartuta egungo eredu politiko-ekonomikoaren aurka ahalik eta herritar gehien biltzea, eta eredu horri alternatibak bilatzea da. Horretarako, Gipuzkoa Plaza eta Donostiako beste txoko batzuk hartu dituzte aldarrikapen gune gisa.
Erraustegiak eragingo dituen “kalte edo onura”ren auzia alde batera utzita Bagerak Gipuzkoa Zutik! ekimenak hizkuntzari ematen dion trataerari eskaini dio arreta. Izan ere, argi utzi dute hasieratik antolatu diren batzarretan euskara izango zela erabiliko den hizkuntza, eta ez hori bakarrik, edonork gaztelerara itzulpenik beharko balu itzulpena egiteko prest dagoen jendea nor izango den galdetzen da batzar guztien hasieran. Momentuan prest daudenek eskua altxa eta itzulpena behar dutenek boluntario horiengana jotzen dute informazioa gazteleraz jasotzeko.
Horretaz gain, euskarak informazio idatzian lehentasuna du eta euskarri askotan euskara bakarrik erabiltzen da. Adibide horietako bat da memeena. Sare sozialen gorakadarekin, gero eta gehiagotan erabiltzen dira idatzizko mezuetan adierazgarritasuna areagotzeko formatu honetako irudiak baina tamalez gehienak gazteleraz izan ohi dira. Ekimen honetatik sortutako memeak, berriz, euskaraz sortuak izan dira.
Gipuzkoa Zutik! Ekimenak erabaki irmoa hartu du hizkuntzarekiko eta euskara normaltasunez erabiltzea lortu du bere jardueran. Hori zoriontzekoa da eta Bagera Elkarteak uste du bide horretatik jo behar dugula. Horrelako esperientziak kontuan hartu eta normaltasunez zabaldu behar dira eredugarriak diren praktikak beste esparruetara. Praktika horiek hedatuz pauso garrantzitsuak emango dira euskararen biziraupenean.
Hona hemen batzarren hasieran markatzen diren arauak