Bagera: Mattiren mezua

Bagera izan da 2026ko Donostiako Piratetako Matti eta honakoa izan zen txupina botatzean zabaldu genuen mezua.

2026-09-01 - Bagera - Euskara Donostiako Piratak Aste Nagusia matti

Bagera Elkartearentzat ohore handia da aurten Matti izatea. 35 urte daramatza Bagerak gure hirian euskara normalizatzeko ahaleginean. Eta gaur, Matti izatearen aitortza honek indarra ematen digu, urtez urte eta erronkaz erronka, aurrera egiten jarraitzeko!

3 mezu argirekin gatoz:

Lehenengoa: gero eta gertuago, gorroto diskurtsoak zabaltzen ari dira. Ez da gertakari isolatua, ezta kasualitatea ere. Erreakzio antolatuak dira: euskaldunok, transfeministok, antiarrazistok eta oro har herri mugimenduek urteotan lortutakoaren aurkako erantzuna da.

Eraso horiek ordea, aurpegi berriak dituzte eta inoiz baino antolatuago daude. Euskararen alde eman diren pausu guztietan, eskuin muturraren ohiko gorroto diskurtsoez gain, ezker espainolistaren eraso antolatua jasaten ari gara.

Euskara plazatik, etxetik, erakunde eta instituzioetatik ezabatu nahi dute; horregatik, gaur, inoiz baino gehiago euskaraz eta euskaratik antolatzen jarraitu behar dugu, auzoz auzo eta kofradiaz kofradia: gorrotoaren aurrean, elkartasuna. Faxismoaren aurrean, komunitate antolatu euskalduna.

Bigarrena: zein hiri eredu nahi dugu donostiarrontzat?

Turistifikazioak, etxebizitzaren krisiak, betiko taberna eta komertzioen itxierak donostiarrok euskaraz lasai bizitzeko gunerik gabe utzi gaitu, arnasgunerik gabe utzi gaitu; bizilagunak auzoetatik kanporatu gaituzte, eta komunitateak desegituratu.

Gure herri eta auzoetan bizitzeko eta euskaraz bizitzeko eskubidea ozen aldarrikatu nahi dugu. Euskarak komunitatea behar du; eta komunitatea desegiten denean, euskara bera ere desegin egiten da. Horregatik defendatuko dugu beti Piratona den eredu herrikoi, autogestionatu, parekide eta euskaltzalea. Hauxe da bidea!

Eta hirugarrena: euskarak doakoa, unibertsala, eskuragarria eta guztiona izan behar du! Guk, euskaraz biziko den Donostia dugu helburu. Komunitateen arteko elkarlana sustatuz, eta euskaltzaletasuna zabalduz, inor atzean utzi gabe, Euskal Herria harrera herria eta euskara harrera-hizkuntza izatea nahi dugu!

Bide batez, gure babes osoa eman nahi diogu KASi, kale egoeran dagoen jendeari afariak ematea ez da delitua!

Euskalduna egin egiten da; baina euskaltzale izatea hautu politikoa da! Hortaz, euskaltzaleoi dagokigu euskara hesi izatetik, denon arteko zubi bilakatzea.

Bukatzeko, esker onak besterik ez ditugu zuentzat:

  • Eskerrik asko Donostia eta Euskal Herria euskalduntzen egunero lanean ari zareten guztioi: auzoetako euskara batzordeei, Irutxuloko Hitzari, euskaltegiei, AEKri eta selektibitateko euskara azterketa zuzendu duzuenoi!
  • Eskerrik asko aisia, hezkuntza eta hain beharrezkoak diren balioak euskaraz eraikitzen dituzuen guztioi. Gora euskal udalekuak!
  • Eta, batez ere, eskerrik asko inguru erdaldunetan euskarari eusten diozuen guztioi. Ez dago zuek baino pirata handiagorik!

 

San Sebastianen aurrean... DONOSTIA!

Semana Grande-aren aurrean... ASTE NAGUSI PIRATA!

Gora Donostia, gora Piratak eta gora euskara!