[AURRERAPENA]: Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema Astea

Euskararen erabileraren neurketa filmeetan

2021-11-05 - Bagera

BAGERA Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, euskararen erabilera areagotzea ardatz duela, Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema Astearen hizkuntza erabileraren neurketa egin du aurtengo edizioan 19. urtez.

Orain arte, Donostiako aisialdian eragina duten beste ekintza nagusietan ere hala egin izan dugu: Dferia, Giza Eskubideen Zinemaldia, Aste Nagusia, Jazzaldia, Donostiako Zinemaldia eta Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaldia.

Garrantzitsua da oso euskararen erabilera normalizatzea eguneroko bizitzan. Era berean, gizarteari eskaintzen zaizkion aisialdirako kultur ekitaldietan euskararen presentzia areagotzea oso garrantzitsua da. Ostera ere, gogorarazi behar dugu euskara hizkuntza ofiziala dela Euskal Autonomia Erkidegoan. Gainera, Donostiako udal ordenantzek euskarari ofizialtasun hori aitortzen diote eta Udalak antolatutako ekintza guztietan euskarak lehentasuna izan behar duela esaten dute.

Beraz, Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema Astean antolatzen diren jardueretan euskararen erabilera idatzia zein ahozkoa areagotzea du helburu Bagera Elkarteak; hau da, Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema Astean euskararen presentzia normalizatzea.

Txostena deskargatu

Euskararen erabileraren neurketa filmeetan

Aurten, asteak 31 film luze eman ditu eta horietatik, 8 euskaraz edo euskaraz azpidatziak izan dira (%25).

Film laburrei dagokienez, 32 labur eskaini dira eta horietatik 20 euskaraz edo euskarazko azpidatziekin  (%62,5).

7 urte dira, euskaraz azpidatzitako lehen film luze bat proiektatu zela Antzoki Zaharrean. Ordura arte, euskaraz eskaintzen ziren proiekzioak Victoria Eugenia Antzokian izaten ziren eta Asteko programazio nagusia, berriz, Antzoki Zaharrean (Asteak proiektatzen dituen film ofizial guztiak, Inaugurazio eta Amaierako ekitaldiak, lehiaketak … bertan egiten dira). Aurten, Antzoki Zaharrean 3 film luze proiektatu dira (film laburrik ez da izan euskaraz).