Hau Egia Da!

Aniztasun kulturala eta esku-hartze komunitarioa ardatz dituen proiektua

Hau Egia da! hitz joko baten emaitza da, batetik Egia auzoaren izen propioa jasotzen duena eta bestetik egia kontzeptua jasotzen duena. Helburua beraz, bikoitza da, lehenik Egia auzoari, bere kale eta bizilagunei erreferentzia egitea eta bigarrenik, auzoak bizi duen errealitate sozial eta kultural anitza balioan jartzea. Gainera, sarritan migrazioari loturik joan ohi diren gezurretan, egia erdietan, zurrumurruetan edo esamesetan arreta jartzen laguntzen digun esaera da.

Begi bistakoa da Egia auzoak azken urteetan aldaketa demografiko eta urbanistiko ikaragarria jasan duela eta hari horri tiraka, auzoko kultur aniztasuna landuko duen proiektu bat martxan jartzea beharrezko ikusi genuen.



Egia auzoko kohesio kulturala nola lortu?

Proiektu hau 2019.urtean jarri zen martxan. Donostian aniztasun kulturala modu batean edo bestean lantzen dugun hainbat eragile elkartzen hasi ginenean. Izan ere, Egia auzoak azken urteetan emandako aldaketa demografiko eta urbanoari tiraka, auzoko kultur aniztasuna landuko zuen proiektu bat martxan jartzea beharrezko ikusi genuen.

Aipatutako eragileak honako hauek izan ginen: SOS Arrazakeria, Tabakalera, Ongi etorri eskolara, Emaus Gizarte Fundazioa, Dar-dar produkzioak, Egia Bizirik Auzo Elkartea, Tabakalera, Udala (kultur aniztasun saila eta herri partaidetza saila) eta gu geu, Bagera Donostiako Eusklatzaleen Elkartea.

Duela urtebete baino gehiago hasitako bidean hainbat pauso finkatu ziren. Lehena, auzoaren diagnostiko bat egitea. Horretarako bi kale-hezitzaile lanean aritu ziren eta diagnostikoa esku artean dugu. Bigarrena, diagnostiko horretatik ateratako ondorio eta erronka posibleak finkatzea izan zen. Egun, hirugarren pausoan hasteko moduan gaude eta parte hartze prozesu bati ekingo diogu. Bertan diagnostikoan parte hartutako kideek eta auzotar ezberdinek hartuko dute parte.

Parte-hartze prozesu horretatik aurrera begirako erronka eta ekintza zehatzak aterako dira. Gainera, Etorkizuna Eraikiz izeneko diru laguntza jaso dugu, eta horrek bultzada handia emango dio proiektuari.

Guzti horretan Bageraren lana hizkuntza aniztasunaren arloa lantzea izango da. Gure baliabideak eskainiz eta hizkuntza ulertzeko gure modua zabalduz.

Jarraitu proiektua twitterren eta instagramen